GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Ertzaintzaren atxiloketei erantzun diete, euskal gazteria ez dutela «kikilduko» esanez

Hainbat gaztek agerraldia egin zuten atzo Gasteizen nabarmentzeko euskal gazteria ez dutela «kikilduko». Arratsaldean, bizilagun batek salatu zuen lau gazte atxilotu zituztela, baina berri ofizialik ez zuten eman.

p014_f02_148x092.jpg

Zuriñe ETXEBERRIA |

Ostegunean, Ertzaintzak bost gazte atxilotu zituen -horietako hiru adin txikikoak-, eta ordu batzuk geroago, askatu. Horren aurrean, 30 bat gazte independentista prentsaurrekoan batu ziren atzo, operazio «politiko-poliziala» salatzeko asmoz.

Herri honen «etsaiak» independentzia eta sozialismoaren alde borrokatzen diren gazteen aurka ari direla nabarmendu zuten. Oraingoan, «PNVk bidali du bere Polizia», baina «bakoitzak bere txakurra erabiltzen du», eta betiere, «euren arteko kolaborazioa» argi geratzen dela salatu zuten, aurreko astean «Zaramazuloko miaketan» bezala. «Gazte errebeldeak» izateagatik atxilotuak direla argudiatu zuten, AHTren gisako proiektu «txikitzaileen» aurka aritzeagatik, «patronal hiltzailea» salatzeagatik. Hau da, «etorkizuneko euskal estatu sozialista eraikitzeagatik gara atxilotuak», adierazi zuten.

Martxoaren 1eko hauteskunde «antidemokratikoetan» parte harte zuten alderdi «faxistek» izan duten jarrera kritikatu zuten, eta argitu zuten EAJ, PP eta PSOE «pozik» edukitzeko burutu zela osteguneko operazioa. Bestalde, Aralarrek gazteak «biolentziaren espiraletik» aterako dituela dioela-eta, ea biolentzia «zeinena» den galdetu zuten.

Horrez gain, hedabideek «mutu, gor eta itsu» dihardutela ohartarazi zuten, eta, hauteskundeetan bezala, «normaltasuna» dela nagusi. Normaltasun hori halako atxiloketak, identifikazioak eta ilegalizazioak gertatzea ote den kezka agertu, eta gaineratu zuten, ostegunean izandako atxiloketen aurrean, ETBk «Sabin Etxearen aginduz» dena «ezkutatu» zuela «normaltasun horren baitan». «Euskal Herriko gazteria kikilduko duzuela uste baduzue, oker zabiltzate», adierazi zuten, «gazteon borrokarako grina» gero eta indartsuagoa dela argituz. «Miaketen, identifikazioen eta jarraipenen bidez» gazteak ez direla «makurtuko» irmotasunez berretsi zuten gazte «errebeldeek» atzoko agerraldian.

Manifestazioa eta atxiloketak

Arratsaldean, ehunka lagunek manifestazioa egin zuten osteguneko atxiloketak salatzeko.

Beste alde batetik, lagun batek GARAri adierazi zionez, kalez jantzitako ertzainek lau gazte atxilotu zituen 19.00ak aldera Salburua auzoan. Esandakoaren arabera, kartelak zituzten lau lagun hormaren kontra jarri eta gero atxilotu zituzten. Honen gainean, dena den, ez zen inolako berri ofizialik eman.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo