GARA > Idatzia > > Mundua

Jakien eskasia ekiditeko, enpresak desjabetzeko prest dago Chavez

Jakien eskasia ekiditearren enpresak desjabetzeko prest dagoela esan zuen Hugo Chavez Venezuelako presidenteak. Estatuak salerosketarako ezarri dituen prezioak gainditzea zigortuko duela ohartarazi zuen. Arrazoi horregatik, Cargill estatubatuarraren arroz biltegi bat desjabetu du.

GARA |

Elikagaien eskasiaren arazoa konpontzeko, edozein enpresa desjabetuko duela ohartarazi zuen Hugo Chavez presidenteak. Estatuak ezarri dituen salneurrien gainetik produktuak saltzen dituzten ekoizleen aurka joko duela, «edozein izanda ere», aditzera eman zuen. Venezuelako enpresa pribaturik handienean esku hartzeko prest dagoela gaineratu zuen. Hori gerta ez dadin baldintza bat ipini zion Empresa Polar lantegi venezuelarrari: legeak jakientzat ezarri dituen prezioak errespetatzea. «Polar edo beste enpresa batek ez badio Konstituzioak marraztutako bideari eusten edo elikagaiak biltegiratzen jarraitzen badu, Polar edo beste edozein desjabetuko dugu. Niri herria eta haren interesak besterik ez zaizkit inporta», nabarmendu zuen Larako estatuan, mendebaldean, eginiko ekitaldian.

Adierazpen horiek egin baino ordu pare bat lehenago, Ameriketako Estatu Batuetako Cargill enpresak Portuguesa estatuan dituen biltokiak bere egin zituen Gobernuak. Salmenta salneurriak kontuan hartu gabe, arroza ekoiztu eta saltzea leporatu zion. «Legea betetzen duenak ez du ezeren beldur izan behar. Aitzitik, laguntza eskainiko diogu. Baina, bide horretatik irteten denari, legearen indar guztiarekin erantzungo diogu. Ez dugu onartuko herriari min egiten jarraitzea», berretsi zuen.

Ostegunean, Smurfit Kappa Group paper ekoizlearen 1.500 hektareen kontrola hartu zuen.

Testuinguru horretan, jabetza argirik ez duten lurzoruak eskuratzeko Chavezen estatu politika bere horretan dagoela esan zuen Etxebizitza ministro Diosdado Cabellok. «Lurzoru guztien jabetza berrikusten ari gara. Horietako batzuk baserritarrei emateko berreskuratu nahi ditugu», aipatu zuen.

«iraultza»

«Nekazaritza alorreko iraultza martxan dago. Hazien, agrokimikoen eta beste produktuen gaineko kontrola gure egin behar dugu elikadura segurtasuna bermatzeko», esan zuen Merkataritza ministroak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo