Mikel Ayestaran Olano Wuitxu, zuen koadrila
Manex eta Mikel askatu!
Lehenik eta behin, une latz hauetan Manex eta Mikelen familiei gure elkartasun eta babes osoa eskaini nahi diegu. Maite zaituztegu!
Zuei buruz esaten ari direnak gezurtatzeko, koadrilakoak ezin gara isilik geratu, gu baikara zuek ezagutzen zaituztegunak.
Lehenik eta behin, hainbat komunikabidetan egiten ari diren manipulazioa salatu nahi dugu. Terrorista arriskutsuak zaretela diote, baina txiki-txikitatik zuekin eskolan, futbolean, lagunartean ibili garenok badakigu hori gezurra besterik ez dela. Sasi kazetari horiek guztiak zuek ezagutzera gonbidatuko genituzke, orduan iritzia aldatuko lukete eta.
Herrian hutsune handia geratu da. Pasa den igandean Manex bahitu eta asteazkenean lau kaputxadunek, kotxe batetik jaitsi, eta Mikel bahitu zuten. Aurten nola igoko da kategoriaz Urritza Manexen golik gabe? Festetako antolakuntzan ere, bi buru eta lau esku gutxiago izango ditugu. Presoei elkartasuna helarazteko ere, Mikelen falta nabaria izango da. Eta umeez zer esan? Askok botako dituzte faltan zuen bion jolas eta barreak! Herriko jende heldua ere, zuen bromen zain dago tabernan pote bat hartzen!
Koadrilan berriz, zer esan? Zuek beti egoten zarete denak xixatzen eta zuen inguruan, irribarrea besterik ez da nabaritzen. Baratzera lapurtzera etortzen denak, beti alerik onenak eramaten ditu!
Herrian sumatu dugun presentzia poliziala berriz itogarria izan da eta igandean bertan pasa zenak ez du izenik. Manexi elkartasuna eskaintzeko prentsaurrekoa ezin izan genuen nahi genuen lekuan egin, dena josita baitzegoen eta egun osoa herria hartuta eduki zuten. Asteazkenean, berriz, Mikeli elkartasuna adierazteko bere etxe azpian egon ginenok Ertzaintzaren jarrera prepotentea jasan behar izan genuen. Utzi Billabona bakean!
Aldi berean, Manex inkomunikatuta egon den bitartean torturatua izan da. Eusko Legebiltzarrak onartutako protokoloa ez da bete eta Manexen torturak ahalbidetu dira. Gainera, informazio eza ere familia eta lagunen aurkako tortura mota bat da.
Azkenik, argi eduki dezatela ez dutela lortuko herri honen elkartasuna gelditzea. Manex eta Mikel, maite zaituztegu!