GARA > Idatzia > > Mundua

Krisi ekonomikoa dela-eta, Angolara itzuli nahi dute portugaldarrek

Langabeziari eta prekarietateari aurre egiteko asmoarekin, gero eta gehiago dira Angolara emigratu nahi duten portugaldarrak. Kolonia ohia metropoli zaharra baino egoera ekonomiko hobean dago. Afrikarrek ez dutela bisa nahikorik banatzen kexu dira europarrak.

GARA |

Langabeziari eta prekarietateari aurre egiteko asmoarekin, gero eta gehiago dira Angolara lanera joateko asmoa duten portugaldarrak. Modu honetan, kolonia ohia «El Dorado» berria bilakatu da portugaldarrentzat.

Azken bi urteotan, Angolatik Portugalera joaten direnen kopuruak behera egin du, baina gero eta gehiago dira Portugaldik Angolara joan nahi dutenak. Afrikako herrialdeak, 27 urteko gerra zibila gainditu ondoren, egonkortasuna lortu du. Honekin batera, petrolio ugari du Angolak eta azpiegiturak berreraiki beharrean dago.

Angolak Portugalen duen kontsulatuaren datuen arabera, 2008an 28.000 bisa banatu zituzten. «2009 martxoaren 7rako dagoeneko, 6.000 visa banatu ditugu», adierazi zuen Cecilia Baptista kontsul orokorrak. «Diplomatu gazteek zailtasunak dituzte Portugalen lana aurkitzeko eta, horregatik, Angolara joaten dira», gaineratu zuen Baptistak.

Azken egunotan, Angolako presidente Jose Eduardo dos Santosek Lisboara egin duen bisita dela-eta, Portugalgo prentsak Afrikako herrialde honetara joan nahi dutenek gainditu behar dituzten traba administratiboak salatu dituzte.

Aste hasieran, Eliza katolikoak berak kritika sutsuak bota zituen bisak lortzeko zailtasunen aurrean. «Misiolari eta laikoak turismo bisa batekin joatera behartzen dituzte. Hiru hilabetetara Portugalera itzuli behar dute berritzeko. Eta hori oso garestia da!», esan zuen Misioetako Gotzainen Batzordeko presidente Antonio Coutok.

Prentsaren galderei erantzunez, Angolako kontsulatuak urtarriletik bisak banatzeko ordutegia bikoiztu dutela nabarmendu zuen Baptistak. Hala ere, «ematen ari diren deklarazio faltsuen aurrean kontrolak zorrozteko premia» dagoela gaineratu zuen Baptistak.

Portugalgo presidente Anibal Cavaco Silvak Angolakoarekin aztertu zuen afera asteartean. «Arazoa aztertu dugu eta ahalik eta lasterren konponbidea topatuko dugulakoan nago», adierazi zuen Dos Santosek.

«Prestakuntza egokia duten pertsonak eta Portugalgo enpresak eta pertsonak jasotzeko prest egongo gara beti. Angolako Gobernuaren irizpideen arabera fidatzekoak direnak hartuko ditugu», gaineratu zuen Angolako presidenteak.

Arazo honen gakoa da, garai bateko kolonia zena, Angola, metropolia izandako Portugal, baino egoera ekonomiko hobean dagoela egun. Hori dela-eta, munduko beste herrialdeekin dituen harreman ekonomikoak indartzeko bidean da Angola azkenaldian.

kolonia ohia

Angolak 1975ko azaroan lortu zuen independentzia. XVI. mendetik Portugalen kolonia izan zen hego-mendebaldeko Afrikako herrialde hau. Independentziaren ostean, AEBek eta Hegoafrikak sostengatu zuten Unita gerrillaren kontra egin behar izan zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo