«Finalean ere orain arte egin dudan joko bera egingo dut, ez dut aldatuko»
Agusti Waltari kubatarra iaz lortutako txapelari eusteko prest agertzen da. Bera da irabazteko faborito nagusia, eta berak ere badaki hori. Orain arte, Txapelketa honetan jokatu dituen partida guztiak bereganatu ditu, eta aparteko eragozpenik gabe, gainera. Bere buruarekin konfiantza handia dauka, eta bere jokoa egiten baldin badu, irabazteko itxaropen osoa daukala adierazi du.
Jon LEUNDA |
Waltarik bigarren urtez jarraian jokatuko du Buruz Buruko finala, eta iaz bezalaxe, aurten ere Paxkal Ezkurra izango du aurrez aurre. Amaiera ere iaz bezalakoa izatea nahiko luke pilotari kubatarrak.
Zer moduz zaude finalaren atari honetan?
Ongi, ilusio eta gogo handiarekin. Finalak beti izaten dira ederrak jokatzeko, eta horrek bultzada handia ematen du. Paxkal ere horrelaxe joango da, eta final gogorra izango dela uste dut. Gainerakoan, ez daukat arazorik. Eskuak, zangoak, denak ongi dauzkat.
Nola ikusten duzu finala?
Gogorra. Uste dut Paxkal ere ongi dagoela, eta lan asko egin beharko dut irabazteko. Hala ere, nire lana ongi egiten baldin badut, irabaziko dudala uste dut.
Zaleen iritziz faborito garbia zara. Horrek presioa gehitzen dizu, ala ez zaitu batere kezkatzen?
Ez nau batere kezkatzen. Faborito izan edo ez, irabazteko partida ona egin behar da, eta nire asmoa hori da, eta ez naiz begira jarriko faborito naizen ala ez.
Orain arteko moduan, finalean ere kintzea azkar amaitu nahiko duzu ezta?
Bai, bai, ez izan dudarik. Nik beti bezala jokatuko dut. Sakearekin ahalik eta tantorik gehien egin, eta lehen jokaldian ez badut tantorik lortzen, jokoan aukerarik txikiena dudanean kintzea amaitzen saiatuko naiz. Hori da nire jokoa. Hemen, piloteoan aritu eta tantoa lantzeko joera handia dago, baina ni neu, alderantziz, aukerarik txikiena dudanean jokaldia amaitzera joaten naiz.
Zure jokorako, gainera, Moderne trinket aproposa da, ezta?
Horrela da. Oso trinket azkarra da, pilota fite ibiltzen da, eta nik gogoko dudan jokoa egiteko oso leku aproposa da.
Paxkalek eta zuk bigarren finala jarraian jokatuko duzue. Zuen adina ikusita, urte askotan errepikatu daiteke, ezta?
Baietz uste dut. Biok gara gazteak, eta lesiorik ez badugu, gehiagotan ere izango gara finaletan.
Herenegun aukeratu zenituzten finalerako pilotak. Nolakoak dira?
Oso gustura geratu nintzen. Nireak biziak dira, nire jokorako aproposak. Paxkalenak, aldiz, astunagoak, motelagoak, baina ez dute aitzakiarik.
Jadanik badaramakizu bolada eder bat Euskal Herrian bizitzen. Ohitu al zara?
Erabat ez. Kuban dut nire familiaren parte handi bat, eta haiek gogoan ditut beti. Hemen gauzak nola doazkidan ikusita, ordea, ezin naiz kexatu, eta zoratzen nago. Emaztea hemengoa dut, euskalduna, eta ume bat ere bidean dugu. Kirol mailan ere gauzak oso ongi doazkit; beraz, oso gustura nago.
Iruñeko Mundialaren aurretik Kubako selekzioarekin Senperen jokatu zenuenean, Euskal Herrian, profesionalekin jokatu nahi zenuela esan zenuen. Hori lortu duzu, eta izar bat bihurtu zara gainera. Ametsa bete duzu, ezta?
Zuek hori esaten didazue, eta asko eskertzen dut, polita baita niretzat; baina nik ez dut neure burua izartzat hartzen. Besteak bezalakoxe pilotari bat bezala ikusten dut neure burua.