GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Kepa Olaiz Ekologistak Martxan-Gipuzkoa

Materia organikoen bilketa atzeraezina da

Hondakin bakoitzak tratamendu espezifikoa izan behar du. Hori kontuan hartzen ez duen edozein sistemak porrot egingo du eta, noski, errausteak ere bai, «makina magikorik» ez baitago

Gure zabortegietako egoera urteetan arazo larria izan da inguruan bizi izan den jendearentzat, eta bertako erreka eta ingurumenarentzat, oro har.

Urteetan zabortegietako materia organikoen usteltzea dela-eta lixibatuaren isuriak etengabeak izan ditugu erreketan (San Markosen kasuan, Molinao errekan), urte askoan isurketa hauek, gainera, araztegirik gabe izan dira isuriak, inongo gupidarik gabe, gure zabortegi inguruetara.

Egoera honi gehitu behar zaio materia organikoak, hartzitzean (fermentatzean), eta zabortegiaren egoera txarrak lagunduta, sortzen duen kiratsa eta atmosferara askatzen dituen gasak. Kudeaketa politika honek egoera tamalgarri batera eraman gaitu eta benetako porrota izan da. Batetik, zabortegiak gainezka egiteraino heldu gara eta, bestetik, zabortegi hauek beste 25 urtean arazorik sor ez dezaten (lehen merkea omen zena), oraingo zabor tasen igoerak ordainduko ditu (benetako kostuak), eta hori orain bertan ari gara ikusten, udal askotan.

Hala ere, gaur egun agintariek egin nahi duten bidea (errauste-planta), bide magikoa beraien ustez, beste aldrebeskeria baten adierazle baino ez da.

Urte asko daramagu gure zabor poltsetako hondakinak birziklatzen, baina orain arte ez dena: bakarrik sailkatu eta birziklatzen ditugu, papera, beira, ontziak, latak, pilak... Eta zergatik ez materia organikoen bilketa antolatu, gure etxeko zabor poltsaren %40 izanik? Zer dela-eta eraman izan da urteetan gai organikoa zabortegietara, jakinik hori zabortegietan metatzeak izugarrizko arazoak eta arriskuak (heriotza bat San Markoseko kasuan) sortzen dituela? Utzikeria eta harrokeria besterik ez du islatzen instituzioek urte hauetan guztietan izandako jokaera horrek.

Jakin badakite herrialde honetako instituzioek, zenbait azterketak diotenaren arabera, gure lurrak (Euskal Herrikoak), eta zer esanik ez Estatu espainoleko lursailek, materia organikoen defizit handia dutela, batez beste %1 dute materia organikoa; egokia, berriz, %3 izango litzateke; beraz, «gehigarri organikoa» behar dute gure lurrek, konposta alegia.

Bitartean, Mankomunitateak eta Foru Aldundiak zer joko daramate materia organikoen kudeaketan? Instituzioentzat, materia organikoa benetako madarikazioa izan da eta beti ibili izan dira «desagerrarazteko» politika itsu batean. Orain arte, sortu izan dugun materia organiko guztia zabortegietara bideratua izan da, eta aurrera begira, berriz, errauste-plantara eramateko asmotan dabiltza. Aldrebeskeria handiagorik ba ote dago? Edozein kudeaketa motak ez du balio, ez zamaketako metodoak (zabortegiak), eta ez martxan jarri nahi duten erraustegiak, bertan nahastuta bildutako hondakin desberdin asko «erreko» dituzten, gizakiongan ondorio kaltegarriak sortuz.

Egoera kezkagarri honetatik ateratzeko, eta berau gainditzeko, beharrezkoa dugu hondakin osagai ezberdinen birziklatze intentsiboa bideratzea, eta gaiak sailkatzeko beste bilketa modu bat antolatzea, non etxeko hondakin guztiak errekuperatzeko saiakera egingo den, materia organikoa barne (janari hondarrak...), eta orain! Bide honetan Usurbilgo herria izan dugu aurrena eta beste herriek ere ez daukate zertan denborarik alferrik galdu, bidea eginez egiten baita.

Hondakin bakoitzak tratamendu espezifikoa izan behar du. Hori kontuan hartzen ez duen edozein sistemak porrot egingo du eta, noski, errausteak ere bai, «makina magikorik» ez baitago.

Gure laguntza guztia bide honetan dabiltzan denei eta bereziki Errausketaren aurkako Koordinakundeari, izan ere, 30.000 sinadura biltzeko kanpaina baitarama aurrera, hondakinen euskal lege baten alde, eta errauste bidezko tratamendurik inondik inora onartzen ez duen zaborren kudeaketarako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo