GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Aberri Egunean Irun eta Hendaia bilduko dituen martxarekin bat egin du Euskaria Fundazioak

GARA |

Euskaria Fundazioak bere babes osoa agertu du Nazio Eztabaida Guneak Aberri Eguna era bateratuan ospatzeko antolatutako martxarekiko. Irun eta Hendaia bilduko dituen ibilbideak gainera, «ezinbestekoa den nazio estrategia eta burujabetza» aldarrikatuko dituela eman du aditzera fundazioak, eta oraingoa aldaketa garaia dela sostengatuta, parte hartzeko deia egin die euskal herritarrei.

Herri honen subiranotasuna eta lurraldetasuna eskuratzea «inoiz baino beharrezkoagoa» dela deritzo Euskariak, eta Europako testuinguruan helburu horiek era demokratiko batean erdiestea «inoiz baino errazagoa» dela ere nabarmendu du oharrean.

Horiek horrela, Apirilaren 12an, estatuek ezarritako mugen gainetik, «nazio bakar bat garela adieraztea eta hori lortzeko bidean lanean jarraituko dugula argi azaltzea» zinez garrantzitsua da fundazio honen iritziz.

Oraingoak une gozoak ez direla aitortu, eta urtez urte egoerak okerrera egin duela uste du Euskariak. Horren erakusgarri, naziogintzan dabiltzan eragileek euren lana gauzatzeko «oztopo anitz» aurkitzen dituztela eman du aditzera.

Abertzaletasunaren esparru soziopolitikoan «zatiketa nagusi» dela nabarmendu eta nazio ikusmoldea izango duen estrategia bateratuaren falta dagoela ekarri du gogora. Horixe da gainera, Euskariaren aburuz, hutsune larriena, eta horrexek eraman du, hain zuzen ere, Nazio Eztabaida Gunearen deialdiarekin bat egitera.

«Zubia eraikitzeko» deia

Aberri Egunean, 11.30ean, Irungo Ficoban dago jarria hitzordua. Bertatik abiatuko da Bidasoa ibaia gurutzatu eta Hendaian amaiera izango duen martxa.

Esparru eta pentsamolde ezberdinetako hamaika herritarrek aurkeztu zuten joan den martxoaren 7an Nazio Eztabaida Guneak deitutako martxa. Miramar jauregian egindako agerraldian, heldu den apirilaren 12an Irundik Hendaiara «zubi berri bat» eraikitzeko gonbidapena egin zieten herritarrei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo