GARA > Idatzia > Iritzia > Azken puntua

Maider Iantzi Kazetaria

Apar harroa olatuetan bezala

Esperoan egotearen sentsazioak desberdinak izan ohi dira, kasu honetan, itxarote gozo batean nago, gertakaria noiz hasiko desiotan. Milaka pertsona daude inguruan. Funtzioa, nolabait, hasia dela erran genezake. Oraindik ez da maindire batez estaliriko agertoki erraldoi bat bertzerik ikusten, baina teklatuaren bidez egindako efektu batek hor gibelean norbait dabilela pentsarazi dit. Denak oihu batean hasi gara eta momentu batean, lurra lur izatetik itsaso izatera pasatu da, jendearen mugimenduak hori sentiarazi dit, behinik behin.

Izara erortzearekin batera, gainontzeko musika tresnek ere lanari ekin diote eta olatuak zakartu ahala argi efektuak gehitu dira, kostaldetako faroen antzera itsasontzia bideratu nahian-edo. Lapiko handi batetik atera da teklatua. Mikrofonoa labain odoleztatu bat da. Sutan daude abeslariaren besoak eta taula gaina. Beltzez jantzita, aurpegiak sugarrez zipriztinduta, makillatuta eta azazkalak margotuta, beldurgarri, ikusgarri daude artistak eta doinu sarkor eta zirraragarriekin euforia momentuak oparitu dizkigute. Animatuenak lagunen bizkarrera goititu dira, apar harroa olatuetara bezala, handik pabiloi osoa dute begi-bistan, milaka buru musikaren erritmora goiti eta beheiti mugitzen, milaka aho, baina garrasi bakarra.

Dantzan, saltoka, ia-ia kaioen pareraino igo gara eta han ibili gara hegaka, beraiekin batera, libre, zintzurra urratzeraino kantari. Barreneko korapilo guztiak askatuta, gorputza eta burua arindu zaizkit eta kontzertua amaitu eta urak baretu direlarik, neke atsegina sumatu dut, neke betea. Talde handi bateko partaide naiz eta ongi sentitzen naiz.

 

 
 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo