Rajoelinak du Madagaskarreko agintea, presidenteak kargua utzi ostean
Madagaskarreko presidenteak dimisioa aurkeztu, eta Gobernua desegin zuen, militarrek Antananarivoko Lehendakariaren jauregia hartu ostean. Agintea Armadaren esku utzi zuen, baina oposizioaren esanetan, Andry Rajoelina alkate ohia izango da behin-behineko gobernuburua.
GARA |
Egoera gero eta nahasiagoa da Madagaskarren. Atzo, Marc Ravalomanana presidenteak kargua utzi eta Gobernua desegin zuen, Armadaren eta oposizioaren presiopean. Astelehenean, militarrek Lehendakariaren jauregia hartu zuten Antananarivon. Ravalomanana Iavoloharak, hiriburutik hamabost bat kilometrora ihes egin zuen, bere guardia izandakoek eta ehunka jarraitzailek babestuta.
Dimisioa aurkeztea erabaki «zaila» izan zela azaldu zuen igorri zuen agirian. «Herrialde osoaren interesagatik utzi behar izan dut lehendakaritza», plazaratu zuen. Boterea zuzendaritza militar baten esku utzi zuen, Hyppolite Ramaroson almiranteordeak gidatuko duena. Indar Armatuan barne eskarmentu gehien duena da Ramaroson.
Neurriak, hala ere, gatazka areagotu egin dezake. Izan ere, Andre Ndrianarijaona koronelak bere burua izendatu zuen Indar Armatuetako buru, eta hainbat militar eta poliziaren babesarekin, Antananarivoko alkate ohi eta oposizioko lider den Andry Rajoelinaren alde egin zuen.
Hala, Ndrianarijaonaren aginduz, Ravalomananak, iragarpena egin eta gutxira, izendatutako zuzendaritza militarreko lau jeneral atxilotu zituzten Antananarivoko apezpikutzaren egoitzan. Militarrok Lala Rasendrahasina artzain protestantearekin bilera egiten ari ziren atxilotu zituzten unean. Gatazkari irtenbidea emateko bitartekari lanetan ibilia, artzaina bera ere atxilotu egin zuten.
Rajoelina: «Libreak gara»
Gauzak horrela, trantsizioak iraun bitartean, agintea Rajoelinak hartuko duela ziurtatu zuen Madagaskarreko oposizioak, eta 24 hilabeteren bueltan, hauteskundeetara dei egingo dutela eta Konstituzio berria idatziko dutela gaineratu zuen.
«Libreak garela esan dezakegu. Lan asko dugu egiteko. Hori da Madagaskarrek hartu behar duen bidea», nabarmendu zuen Rajoelinak. Orain, beraz, bera da presidentea. Politikan sartu aurretik, musika-jartzaile eta enpresaria zen. «TGV» izengoitia jarri zioten, Estatu frantseseko abiadura handiko trenaren siglak, hain zuzen ere.
Digitalizazioarekin eta komunikabideekin loturiko negozioak zituen. Hala, Viva telebista katearen eta hainbat irrati-igorgailuren jabe da. Ospe handia ekarri zion horrek eta 2007ko abenduan, Antananarivoko alkate izendatu zuten, 32 urte zituela. Botoen %63 lortu zuen.
Afrikako Batasunaren presidente Jean Pingek Rajoelinak agintea bere gain hartzeak Konstituzioa urratzen duela ohartarazi zion Armadari. Zehazki zer gertatzen ari den ez dakiela aitortu zuen.