Ipar Irlandako Gobernuko ordezkariak Etxe Zurian, Obamaren sostengua jasota
AEBetako presidente Barack Obamak Irlandaren zaindari San Patrizioren eguna ospatu zuen, bere zenbait arbaso irlandar gogoan. Baina ospakizun horretatik harago, Irlandako prozesuaren aldeko konpromisoa berretsi zuen.
Obamak adierazpen horiek egin izana ez da AEBetako Gobernuaren jarrera aldaketa, hasieratik eutsi baitio, eta funtsezkoa izan da hark aurrera egin zezan. Hala ere, garrantzi ukaezina dute prozesuari begira, azken atentatuen osteko kontuzko egoeran. Eta garrantzi handia du, halaber, AEBetako presidentea, atzo, Irlandako Errepublikako lehen ministroarekin ez ezik Ipar Irlandako lehen ministro Peter Robinson eta lehen ministrorde Martin McGuinnesseskin ere bildu izanak. Presidente estatubatuarrak Ipar Irlandako Gobernuko ordezkariei egindako lehenbiziko harrera. Azkenik, Barack Obama Irlandarako ordezkari berezi izendatzea konpromiso horren seriotasunaren erakusgarri da. Ezbairik gabe, AEBen sostenguak Irlandako prozesuan izan duen garrantzia ikusita, aurrerantzean ere, egungo egoera gorabehera, sostengu hori sendoa dela jakitea aurrera egiteko berme bat da, beharrezko bermea, inondik ere.