GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Joan Mari Beloki Leitza

EAJk galdu egin du

Zenbat denbora beharko dute Urkulluk eta EAJk diskurtsoa aldatu eta hauteskundeak irabazi dituztela errepikatzeari uzteko? Partida galdu eta nora ezean dabiltzanen diskurtsoa da hori. Feudalismoaren garaian bezala, boterea jainkoren batek eternitate osorako eman diela uste dutenena. EAJ aginteari kosta ahala kosta eutsi nahi diola erakusten ari da, bere baitan ikuspuntu merkantilista hutsa nagusitu deneko susmoa indarrez zabalduz.

EAJk galdu egin duela onartu beharra du. Bere erronka nagusia Jaurlaritza mantentzea baitzen. Hauteskundeak prestatzean, kalkulu gehienak ongi egin zituen, boto gehienak eskuratu baititu. Baina oinarrizko puntu batean ez zuen asmatu: ezker abertzale historikoa hauteskundeetatik kanpo utz zezaten onartzean. Bere kalkuluen arabera, Aralarrekin gehiengo parlamentarioa lortuko zuen, horretarako alderdi horrek legez kanpo utzitakoen boto gehienak lortuko zituelarik. Baina ez da horrela izan. Ezker abertzale historikoa Legebiltzarretik kanpo utzi izanak Lehendakaritza eta Gobernua kendu dizkio EAJri.

Bide oker eta anker horretan, EAJk ezker abertzaleko jendeari sufrimendua izugarri areagotu dio (edo Estatuak areagotu diezaion onartu du). Eta bere helburuak eskuratu ez dituelako, publikoki negarrez zotinka dihardu etenik gabe, eskutik gozoki bat kendu dioten haurraren moduan. Franco hil zela 33 urte igaro eta gero, herri honek ez du hau merezi. EAJren jokaera eta egun ematen ari den irudia eskasak dira, benetan.

EAJk aldaketa handia egin behar du bere planteamendu politikoetan: ezker abertzale historikoari eskua luzatu behar dio, abertzale guztien artean Euskal Herria zentzuzko bidean kokatzeko. Gasteizko Legebiltzarrak egun inoiz baino hobeto islatzen du Euskal Herria pairatzen ari den sufrikarioa: Tejerok birbideratu zuen Espainiaren mende segitzen du, baina sektore abertzale hegemonikoaren konplizitate osoz. Eta gehienbat ezker abertzale historikoaren egitasmoa sustatzen dutenek sufritzen badute ere, espainiarren konplizeek ere zer galdu handia dute. Une honetan Sabin Etxean ederki asko ari dira ikusten hori.

Premiaz behar dugu abertzaleen arteko hitzarmen politikoa. Gainerakoan, Madrilen esku jarraituko dugu. Bitartean, batzuk izugarri sufritzen eta denok asko galtzen dugularik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo