GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Gerardo Luzuriaga Joana Albret Mintegia

Zentsura Nafarroako Liburutegietan

Lehen konbentzituta bageunden Nafarroako liburutegietan «Gara» eta «Berria» egunkariak ez erosteko erabakia erabat politikoa zela, zer esanik ez argudio ekonomikoa erabiltzea erabaki dutenean

Nafarroako agintari politikoek liburutegien aferan egindako hanka-sartzea atera nahian ibiltzen badira ere, arriskua daukate gorputz osoa sartzeko eta lokatzetan irentsiak geratzeko.

Barañaingo liburutegiari politikoek «Gara» eta «Berria» egunkariak erosteko debekua eman ondoren, bazter guztietatik azaldu dira kritikak, batez ere ikusi dugunean Barañainen egindakoa Nafarroako herri liburutegi guztietara zabaldu nahi dutela, dagoeneko Iruñeko liburutegietan ere «Berria» eta «Gara» erosteko debekua eman baitute.

Aste hauetan gogor kritikatu dugu arduradun politiko -Fermin Guillorme, Pablo Gomez, Paz Prieto- hauen jarrera, zentsuratzat ere jo dugu. Betidanik, askatasun esparru izan diren liburutegiak haien esanetara jarri nahi baitituzte, herri liburutegietan zer irakurri ahal izango den erabakitzen baitute, liburuzain profesionalen eta erabiltzaileen duintasuna zapaltzen baitute, azken batean, irizpide teknikoak baztertzen baitituzte beraien irizpide politikoak jartzeko.

EAEn duela urte batzuk, herri batzuetan, nik dakidanez, antzerako jukutria gertatu zen, -honekin ez dut esan nahi gaur gertatzen ez denik- Unescoren adierazpenak argudiatu genituen, eta eragina izan zuenez, ea kasu honetan Nafarroan ere zorte bera daukagun!

Unescoren liburutegien adierazpenek informazioa eta ideiak eskuratzeko askatasuna bermatzea dute oinarri. Ikus ditzagun zer-nolako aginduak diren: liburutegietako zerbitzuak hiritar guztiei eskaini behar zaizkie, hiritartasuna, erlijioa, kultura, iritzi politikoa eta sexua kontuan hartu barik; funts publikoekin finantzatutako oinarrizko informazio-zerbitzuak, materialak eta tresnak doan eskuratzeko aukera izango dute erabiltzaileek, eta erosteko ahalmena edozein izanda ere, erabiltzaileen komunitateko kide guztiek eskubide berak izango dituzte; materialak eta baliabideak aukeratzerakoan, bertako komunitateen aniztasuna hartu beharko dute kontuan, eskainitako formatuei, hizkuntzei eta edukiei dagokienez; liburutegi bateko bildumaren garapena, liburuzainaren irizpide profesional independentean oinarrituko da, eragin politikoak, alderdikoiak, komertzialak edo bestelakoak kontuan hartu gabe, gutxiengoei euren hizkuntzan dagoen materiala eskainiko diete, material hori, bertako kulturarekin lotuta eta euren komunitate zabalagoaren kulturan ilustratuta egongo da, hau ere bertako hizkuntzan.

Antzeko arrazoibideak ikusita Nafarroako arduradun politikoek bere horretan eusten badiote ere, atzera egin dute eta beste argudio batzuk erabili dituzte. Gauzak horrela, Nafarroako liburutegietan eguneroko prentsa erostearen ardura udalei dagokiela edo aipatutako egunkariak ez erosteko arrazoiak ekonomikoak direla adierazi du Juan Ramon Corpas Kultura kontseilariak.

Lehen konbentzituta bageunden Nafarroako liburutegietan «Gara» eta «Berria» egunkariak ez erosteko erabakia erabat politikoa zela, zer esanik ez argudio ekonomikoa erabiltzea erabaki dutenean. Egunkari batek euro bat inguru balio du. Urte osoan asko jota 800? gastatuko dute aipatutako bi egunkariak erosita. Benetan, arrazoi ekonomiko hau penagarria iruditzen zaigu, batez ere 800? horiek 22.000 biztanle ingururen artean banatu behar direnean. Asma ditzatela aitzakia aproposagoak, edo isil daitezela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo