GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Etorkizuneko makina bat irakaslek bat egin dute Euskal Curriculumarekin

Euskal Curriculumaren aldeko mugimendua indartzeko EHBEk kaleratutako manifestuak etorkizunean irakasle izango diren 400 ikasleren babesa jaso du Eskoriatzako HUHEZI fakultatean.

eskoriatza.jpg

GARA |

Etorkizunean gurean irakasle izango diren 400 ikasle baino gehiagok «babes osoa» eskaini diote Euskal Curriculumari, Euskal Herriak Bere Eskola herri mugimenduak Euskal Curriculamaren alde argitaratutako manifestuarekin bat eginez.

Ikasle Abertzaleak mugimenduak Eskoriatzako HUHEZI fakultatean egindako asteetako lanaren ondoren agerraldia egin zuen asteazkenean, bertako 120 ikaslek babestuta. Bertan, gainerako Irakasle Eskoletako ikasleei, euren gisara, Euskal Curriculuma ikasgeletan «errealitate izan dadin» ahal duten guztia egiteko deia egin zieten. IAren aburuz, «egungo ikasle eta etorkizuneko irakasleen lana ezinbestekoa da» Euskal Herriko erreferente pedagogiko komuna aplikatzeko eta, hortaz, hezkuntza sistema nazionalaren eraikuntzan parte hartzera gonbidatu zituen irakasle izango diren horiek.

Euskal herritarrek hezkuntzaren gaineko erabakiak hartzea «ukatua» dutela salatu, eta horren ondorioz, gure herria aintzat hartzen ez duten Estatu espainiarreko eta frantseseko hezkuntza sistemak inposatzen dituztela kritikatu zuen ikasle antolakundeak. Horiek horrela, euskal ikasleak «espainol eta frantses gisa heztera kondenatuak» direla ere salatu zuen IAk eta euskalduntzen ez duten legeak eta «euskaldunontzat arrotzak diren» eduki eta konpetentziekin osatutako curriculumak ezartzen direla gogorarazi zuen.

Hori guztia gutxi balitz, Ikasle Abertzaleak mugimenduaren ustez, bi Estatuek hezkuntza ulertzeko duten «modu merkantilistaren» ondorioz, ikasleek balore indibidualista, atzerakoi eta lehiakorrak oinarri dituen heziketa jasotzen dutela salatu zuen.

Horren aurrean ordea, Euskal Hezkuntza Sistema Nazionalaren aldeko mugimendua ez dela geldirik egon nabarmendu du ikasle mugimenduak eta, horren erakusgarri, Sortzen Ikasbatuaz, Ikastolen Konfederazioa eta Udalbiltzak curriculum propioa eraikitzeko abiatutako prozesua aipatu zuen.

Babes soziala helburu

2003. urtean abiatu zen prozesua eta bost urteko lanaren ostean, joan den urteko ekainean euskal ikasle batek derrigorrezko hezkuntza amaitzean izan beharreko jakintza eta gaitasunak biltzen dituen dokumentua eman zuten argitara.

Orain ordea, Ikasle Abertzaleak mugimenduaren iritziz, «paperean idatzitako testu bat izatetik, ikasgeletan irakasteko erabiliko den tresna bat izateko jauzia» eman beharra du. Horretarako ordea, ezinbesteko jotzen du euskal curriculumaren aldeko «ahalik eta babes sozial handiena» eskuratzea.

Euskal Curriculumaren aldeko mugimendua indartzeko helburuz manifestua aurkeztu zuen EHBEk urtarrilean, eta dokumentu hori oinarri hartuta lan handia egin du ikasle mugimenduak HUHEZI fakultatean, bertako 400 bat ikasleren babesa eskuratuz.

hiru milatik gora

Euskal Curriculuma aldarrikatzen duen manifestuak plazaratu zenetik 3.000tik gora lagunen atxikimendua jaso du Euskal Herriak Bere Eskolak. Dokumentuari babesa emateko parada dago «www.euskaleskola.org» helbidean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo