GARA > Idatzia > Kirolak > Real Sociedad

Emakumezkoen Superliga

Emozio handia, baina joko askorik ez Zubietako derbian

Aukera gehiegi izan ez baziren ere, onenak Realak izan zituen. Garbiena azkeneko minutuan, baina Zelaiak ezin izan zuen Carcamo gainditu.

p028_f01_777x777.jpg

REAL SOCIEDAD 0

ATHLETIC 0

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Oreka handia, emozioa ere bai, baina aparteko jokorik ez, horixe izan daiteke, atzo Zubietan jokatu zen derbiaren lapurpena. Zelaian ikusitakoaren arabera, emaitzarik egokiena izan daiteke, nahiz eta aukerei begiratuta, garbienak donostiarrek izan zituzten. Azkenekoa, amaierako minutuan, baina Carcamok, bizkaitarren atezainak, geldialdi bikaina egin zuen, eta puntu bati eutsi zioten zuri-gorriek.

Lehen zatia itxurosoa izan zen. Bi taldeetako inork ez zuen aginte nabarmenik izan berdegunean; askotan baloia alde batetik bestera ibili zen, eta aukerak ere, gehiegi izan ez baziren ere, bi taldeek izan zituzten.

Lehenengoa, etxekoak izan zuten. Leire Landak falta ederki atera zuen, baina Carcamok geldialdi bikaina egin eta baloia atetik aldendu zuen. Hurrengo biak Athleticenak izan ziren. 20. minutuan, Erikak jokaldi bikaina egin zuen eskuin aldetik, baina bere erdiraketa bikainari amaiera ematera ez zen inor agertu. Hurrengo minutuan, Gangoitik izan zuen markagailua irekitzeko parada, baina bere burukada kanpora joan zen. Bazirudien bizkaitarrek agintzen hasi behar zutela, baina 23. minutuan etxekoak izan ziren ia aurreratu zirenak. Gipuzkoarren erdiraketa bat desbideratzen hasi eta Nekanek ia bere atean sartu zuen baloia, baina kide batek atera zuen golerako aukera ezabatuz.

Javier Garmendiak zuzentzen dituen neskek gola nahi zuten, eta Lucasek ere gertu izan zuen, baina bere falta jaurtiketa kanpora joan zen. Atsedenera heldu aurretik, Bilbokoak ere markagailua estreinatzetik gertu ibili ziren, baina Gangoitiren bi jaurtiketa Eli Sarasolak, Realeko atezainak, geratu zituen.

Bigarren zatian jokoak behera egin zuen. Bi entrenatzaileek aldaketen bidez bilatu nahi izan zituzten konponbideak, baina horiek ez ziren heldu. Baloia zuri-gorriek izan zuten, baina ez zuten min handirik egin, eta aukerarik garbienak, berriz, zuri-urdinenak izan ziren, Sarasolak ez baitzuen aparteko lanik izan.

Hala ere, lehen gol aukera ikusteko dezente itxaron behar izan zen, 67. minutura arte ez baitzen heldu. Zelaiak jokaldi bikaina egin zuen eskuin hegaletik, barruraino sartu zen, baloia erdiratu ere egin zuen, baina han ez zen errematatzailerik agertu.

Norgehiagoka amaitzeko zazpi minutu falta zirela, Lizasok neurketa zuri-urdinen alde jartzeko parada izan zuen, baina ez zuen baloia ongi jo. Azkeneko minutuetan Maialen Zelaia izan zen protagonista. 87. minutuan jokaldi bikaina egin zuen, eta area barruan erori zen. Zaleek penaltia eskatu zuten, baita etxeko jokalariek ere, baina epaileak ez zuen ezer adierazi. Eta, denbora agortuta zegoenean, jokalari horrek berak izan zuen neurketako aukerarik garbiena. Ezkerraldetik jokaldia egin, eta Carcamoren aurrean bakarrik geratu zen. Jaurtiketa bikaina egin zuen, baina bizkaitarren atezainaren erantzuna ere horrelakoxea izan zen, baloia desbideratu baitzuen.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo