Costa Ricak eta El Salvadorrek Kubarekin harremanak hasiko dituzte
GARA |
Kubak eta Costa Ricak 48 urte eta gero harreman diplomatikoak berriz hasiko dituzte. «Granma» egunkarian argitaraturiko bi paragrafoko agirian, Iraultzaren ostean apurturiko harremanak berreskuratzearekin ados dagoela adierazi zuen Kubako Gobernuak.
«Hego Amerikako herrialde anaien arteko batasunean eta integrazioan sinisten dugunez, Costa Ricaren erabakia geure egiten dugu. Hura izan zen Kubarekin harremanak eten zituena 1961eko irailaren 9an», gaineratu zuen. Agirian ez zuen Oscar Arias presidentea aipatu. Iraganean, agintari kubatarrekin hainbat liskar izan zituen.
Arazo horiek atzean gelditu direla dirudi. Izan ere, asteazkenean San Josen eginiko agerraldian Arias honela mintzatu zen: «Gure arteko desadostasunak eta aldeak gainditzen lagunduko digun elkarrizketa irekia eta zuzena zabaltzeko unea iritsi da».
Bestetik, El Salvadorreko presidente berri Mauricio Funesek ere Habanarekin harremanak normalduko dituela iragarri zuen. Hori ekainean izango da, boterea hartzen duenean, alegia.
Costa Rica eta El Salvador ziren Kubarekin harreman normalizatuak ez zituzten herrialde latinoamerikar bakarrak.