«Bossa novak askatasuna ematen dizu sortzeko, sentipen positiboak igortzeko»
Anartz BILBAO | BILBO
Lauaxeta eta Garcia Lorcaren poemak musikaz bildu eta «Ilargi haundi zauri zarae» (Metak, 2005) lanarekin aurkeztu zigun Zura egitasmoa Xabi Strubellek, gitarra akustikoak eta giro elektronikoak uztartuz. Laukote bihurtuta, iaz «Kiribil» (Gor, 2008) bigarren emaitza zoragarria plazaratu zuen taldeak, bossa nova modu fin eta harrigarrian omenduz, brasildar doinuak 50 urte betetzen dituen honetan. Freskoa eta gozoa dugu Zurak euskaraz bossa nova joaz plazaratu azken lana, Entzun! atariak 2008ko euskal diskorik onena aukeratua.
Asteon Zurak hiru zuzeneko dituela aprobetxatuz, Xabi Strubellekin mintzatu da GARA. Kontzeptu musikalari dagokionez, «oso irekia da Zura, eta konposizio mailan nire lana du». Aurreko diskoan «Lorca eta Lauaxetaren poema batzuk musikatzera bideratua zegoen egitasmoa». «Kiribil» lanean aldiz, «libreagoak ginen sortzeko eta bossa novara fokatu dugu, kontzeptu ireki batekin». Beraz, «Zuran ez dago markatuta nondik jo behar den». Izan ere, Strubellek bazuen talde bat sortzeko asmoa, disko honekin lortu duena. «Talde izaera markatuagoa dugu orain».
Egun, Nerea Olaxa (ahots nagusia), Eñaut Balentziaga (bateria), Hans Dieckmann (baxua) eta Xabik berak (gitarran eta ahotsetan) osatzen dute laukotea, Gorka Sesmaren (gitarra) agurraren ostean. «Gustatzen zait Xabi Strubell gisa gauzak egiteko etiketa bat edukitzearen ideia, musikari bezala nire izenari horrenbesteko garrantzia ematea ez zait gustatzen-eta». Baina «nahiago dut beti elkarlanean jardutea, eta ideia eta ideala taldetxo egonkor bat sortzea nuen, nik sortu kantuekin diskoa grabatu eta ahalik eta giro politena sortuz zuzenekoak emateko. Eta espero dut laukote honek luze irautea».
Euskal Herriko musikak gero eta kolore gehiago duela iritzita, «gero eta gauza interesgarriagoak egiten dira eta ikuspegia asko zabaldu da», dio hondarribiarrak. «Garai batean folka edo rocka baino ez zen jorratzen, baina egun badago ortzadar zabal bat», euskal musikagintzan.
«Kiribil» ahotan hartuta, «bossa novari omenalditxo bat egitea genuen asmoa», azaldu digu Strubellek. «Euskaraz badaude aurrekari batzuk, baina ez da asko landu, eta guretzat oso estilo kutuna da». Musikari gisa, bere bilakaeran, erreferente gisa izan du beti bossa nova. «Alde batetik, gitarrista gisa, bossa novak oso gauza atseginak eskaintzen dituelako, akorde eta armonia mailan. Bestalde, bossa novak sortzeko askatasuna ematen dizu, batez ere sentsazio positibo batzuk transmititu nahiari hurbilduz gero», aitortu digu musikariak.
Musikari irekia
Gomendioak egiteko eskatuta, «gaur oso gauza politak ateratzen ari dira Bebel Gilberto, Joaoren alaba, eta Moreno Veloso, Caetanoren semea», bota digu Strubellek. «Bada belaunaldi bat, beraien ondare musikala, bossa novarena, birplanteatzen ari dena, elektronika ukituak gehituz edo nolabait egungo ikuspuntutik estiloari zukua ateraz. Disko bat aipatzekotan, Roberta Sa-ren «Sambas e bossas» gustatzen zait izugarri».
«Kiribil» lanak, Uxue Alberdiren sarreraren ostean, taldekideez gain, Ines Osinaga (Gose), Eñaut Elorrieta (Ken 7), Sabina Leone (Wemean), Anari eta Sorkunen partaidetza izan du. «Laguntzak oso modu naturalean garatu dira eta polita izan da horrelako elkarlan bat egitea, diskoari oihartzun herrikoia emateko». Helburua bossa novari gorazarre egitea zenez, «Zura bakarrik egon ordez, jende gehiago egotea nahi genuen. Eta aberastasun horrekin omenaldiaren zentzua zabaldu». Euskara ez ezik, portugesa ere entzun daiteke gainera diskoan. «Bossa nova gustatuta, brasileiro-aren soinua asko gustatzen zait, eta Sarriren `Exílio é um país que esmorece além do horizonte' poema ezin egokiagoa zen diskoan portugesa sartzeko», azaldu digu Strubellek.
Lana IZ estudioan grabatu zuten 2007ko udan, hilabetez, eta aurrekoan bezala, Hector Lealekin batera Xabi bera arduratu da ekoizpenaz. «Hector da estudioan buru, eta asko inplikatu denez diskoa etxean lanean bageunde bezala sortu dugu. Konfiantza handia hartu dugu bion artean eta zerbait xumea eta ez oso kargatua, baina era berean aberastasun musikala bilatu dugu ekoizpenean».
Musikari gisa ez dio ezeri ezetz esaten. «Unean unean bihotzak agintzen didana egin eta ahal bada belarriak ireki eta musika ulertzeko modu berriak planteatzen saiatzen naiz. Espresatzeko gaitasunari, beharrei bidea ematea da kontua».
«Unean-unean bihotzak agintzen didana egin eta belarriak ireki eta musika ulertzeko modu berriak planteatu eta espresatzeko gaitasunari bidea ematen saiatzen naiz»
Aste honetan hiru zuzeneko joko ditu Zurak. Gaur Elorrioko Ateneoan, bihar Baionako Kalostrape tabernan, eta heldu den ostegunean Bilboko Kafe Antzokian, talde gonbidatuarekin.