Enpresariek lotsarik gabe azaltzen dute beren agenda politikoa, politikariak baldintzatzeko asmoz
Enpresariek krisi ekonomikoaren ardura nagusia dutela inork gutxik jartzen du zalantzan. Nolanahi ere, politikariek ardura hori partekatzen dutela argi dago, bai «oparotasun urteetan» bai krisiak eztanda egin duenean enpresarien interesen mesedetan jokatu baitute lotsagabeki. Eta, jakina, enpresarien interesak eta langileenak une honetan hain kontrajarriak direnean, batak alde egiteak bestea kaltetzea dakar, halabeharrez.
Sistema politikoan duten zentralitatearen eta boterearen jakitun, enpresariek ez dute aukerarik galtzen politikariek beren alde egiten jarrai dezaten presionatzeko. Zentzu honetan, agenda politikoa markatzeko asmoz enpresari handiek egindako adierazpenak ugariak dira azkenaldian. Horren erakusgarri, atzo Iberdrolako buru Ignacio Sanchez Galanek erreformak eta akordio orokor bat eskatu zuen. Akordioa energiaren sektorea are gehiago liberalizatzeko nahi du Iberdrolak, noski.
Krisiaren gordinean Iberdrolaren mozkinek berriz ere gora egin dutela nabarmendu behar da. Bere historiako onenak izateraino. Gauzak honela, enpresariak ez daude eskaerak egiteko, azalpenak emateko baizik.