GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Erromak ez du faktura ordaindu nahi

Oraingoan, eredua aldatu da. Espainiar nazionalistek hartu nahi dute beren gain Gasteizko Gobernua, Iruñekoa Franco hil zenetik izan duten moduan. EAJren eredua erori da, UPNrena nagusitu da. Eta bi kasuetan, giltza PSOEk dauka

Badirudi Ibarretxe ez dela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lehendakaria izanen. Hala ematen du, esan bezala, nahiz eta Lopezena oraingoz ez den erabaki. Bizi garen herri berezi honetan ezin da deus ere baztertu, ez bederen gertatu arte, baina azken uneko ustekabekorik gertatzen ez bada, PSOE-PP ituna izanen da garaile. Garaile, jakina, tranpa egin ondotik, eta soilik horregatik.

Gauzak horrela, EAJko kide asko beren etxeetara joanen dira, hamarkadetako postu emankorrak utzita. Batzuen artean hasi da izua zabaltzen, eta begi-bistakoa da botere galera trago ozpindua izanen dela. Hau, berriz, ezin dugu tragedia nazionaltzat jo, batzuek poltronekin zuten lotura moztea hagitz berri ona baita. Ziur asko, haserreak ez du hausnarketa politiko sakonik ekarriko, are gutiago autokritika zintzorik, baina hainbat lagunen harrokeria eroriko da. Eta hau biziki berri ona da. Harrokeriaz eta alderdi interesak beste guztien gainetik jarriz gobernatu dute jeltzaleek. Goitik begiratu gaituzte beti, barneratu dutelarik haienak zirela Gasteizko instituzioak, eta betiko izanen zirela. Horregatik, batzuek ezin dute sinetsi gertatzen ari dena. Ezin dute irentsi.

Erromak ez duela traidorerik ordaintzen esan ohi da. Traidoreak, zerbitzariak, laguntzaileak... Kontua da batzuek uste zutela beti izanen zirela Erromaren ordezkari Vascongadetan. Hori zen, finean, trantsizioaren oinarrietako bat: espainiar nazionalistek ez zuten zuzenean kudeatu behar «euskal» autonomia, horretarako EAJ baitzegoen. Gatazka pil-pilean zegoen bitartean, Estatuak EAJ beharko zuen. Baina oraingoan, eredua aldatu da. Oraingoan, espainiar nazionalistek hartu nahi dute beren gain Gasteizko Gobernua, Iruñekoa Franco hil zenetik izan duten moduan. EAJren eredua erori da, UPNrena nagusitu da. Eta bi kasuetan, giltza PSOEk dauka. NaBairekiko itunaren aukera baztertzeko erabakia eta Gasteizko Gobernua hartzeko hautua bide beretik datozen urratsak dira. Penintsulako lau euskal herrialdeek espainiar nazionalismoaren aldetik duten garrantzi estrategikoa adierazten dutenak, hots.

Erromak ez du oraingoan faktura ordaindu nahi: ez zaituztegu behar, guk eginen dugu zuzenean lana. Honekin ez dut esan nahi PP eta PSOEren arteko itunarena luzaroko hautua denik, baina orain EAJri argi esan dio Estatu espainiarrak ez duela bere zerbitzurik nahi. Estatuak bere EREa egin du, eta EAJ bidali du langabeziara. Estatuak ez du azpikontratarik nahi, espainiar nazionalistek eraman nahi dute lema zuzenean, bitartekorik gabe. Zapaterok esan omen zuen PSOEren zuzendaritzaren bilkura batean operazioa EAJ gehiegi mindu gabe egin behar zela. PSOEkoak ezagututa sinesgarria da orain egiten dutena hemendik hilabete batzuetara itzultzea eta PNVrekiko akordioa bilatzea, baina anartean, etxera bidali dute Ibarretxe, Nafarroan NaBai baztertu duten moduan.

Hainbeste urte bere menpe eta ez zuten Erroma ezagutzen. Are makurrago, sinetsi zuten Erromaren besoa baino, Erroma ere bazirela. Zerbait ikasiko al dute? Autokritika egiteko gai izanen al dira? Poltronaren galerak baten baten begiak irekiarazteko balioko al du? Ikusiko dugu!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo