Martin Mantxo Ekologistak Martxan
Ibertrola, aski da!!!
Iberdrola bere «irudi berdea» zabaltzen jo eta ke ari da, bere energiaren zati handiena produkzio zikinetik dator eta: berriztagarria % 4 besterik ez da, nuklearra Euskal Herrian, Iberdrolak Pasaiako eta Santurtziko zentral kutsatzaileak dauzka. Pasaiakoan ikatza erabiltzen du eta herrian bertan dago
Urtero bezala, hemen daukagu Ibertrolaren akziodunen aurtengo batzarra. Berriro ere haien etekinak aurkezteko eta haien politika energetikoarekin aurrera jarraitzeko. Egun, hainbat elementu hartu behar dira kontuan, iazkoaren aldean. 1. Krisialdia: ez die eragiten, haien etekinek hazten jarraitzen dute. Petrolioa garestitzen ari da, baina orain Ibertrola eta beste energetikoa dibertsifikatzea «etekin-garri» zaio. 2. Tarifa berriak: konpainia bere ereduak berrikustera behartua izan da. 3. Obama eta berriztagarriak: Iberdrolak AEBetan proiektuak lortzea espero du.
Gainerakoan, Iberdrola bere «irudi berdea» zabaltzen jo eta ke ari da, bere energiaren zati handiena ekoizpen zikinetik baitator: energia berriztagarria % 4 besterik ez da, nuklearra %45 edo termikoa %26.
Iazko batzarrean lotsagarriak ziren Euskalduna jauregiaren aurrean zeukaten «iraunkortasuna» eta «Energia garbia» hiru dimentsioko hitz erraldoi eta berdeak. Plazan bertan azafatak jarri zituzten, berdez jantzita, eta aurrealdean pankarta erraldoia kokatu zuten. Hori ere berdea. Dena da berdea. Hain gogor saiatzen direnez, jendearen susmoa pizten dute. Bere publizitatean ere energia berriztagarriak sartzen dituzte besteak aipatu gabe. Adierazgarria azken hilabeteotan erabilitako bi pisuko autobusa, erabat hosto berdez jantzita. Bilbon izan zenean, ordea, hau zuen margotuta: «Ibertrola - Energia zikina».
Edonon dauzka zentral termikoak edo nuklearrak. Oso polemikoa da Cadizeko Arcos herrian daukana, iazko otsailean leherketa bat izan zuena (hildakorik ez zen izan). Zentral hori Arcos de la Fronteratik kilometro batera dago eta biztanleriak eraginak jasan behar ditu: usaina, kea, kutsadura... Ez da ez berdea ez garbia. Eta nahiz eta horrenbeste etekin izan, biztanleria hori ez dute inoiz konpentsatzen.
Beste adibide bat: Extremaduran, Alangen, proposatu dutena eta herria osoa aurka mobilizatu dena. Horrek adibidez, petrolioa eta gasa erabiliko ditu eta herrian bertan kokatu nahi zuten.
Jendea aurka agertu zela-eta bi kilometro urruntzea onartu zuten. Zonalde berean (Merida aldea) beste 4 zentral eraikitzeko asmoa zegoen eta petrolio-findegi bat; orain hiru dira 7 kilometroko eremuan. Zentrala petrolio-findegirako energia ekoizteko behar da. Kasu honetan instituzioen laguntza aipagarria da, kasu honetan Iberdrolaren zentrala orain La Zarza herrian birkokatu nahi dute, baina horrenbeste 20 kilometroko eremuan (beste enpresakoak). Extremaduran ere Almarazeko zentral nuklearra dauka eta urtegi guztiak kudeatzen ditu, unibertsitate eta egunkariaren jabea da. Extremadurarren arabera, herrialde honen jaberik antzinakoena: 60 urte, haien baliabideak ustiatzen. Adibide horiek ez dira bere publizitate berdean agertzen.
Bestalde, hemen, Euskal Herrian, Iberdrolak Pasaia eta Santurtziko zentral kutsatzaileak dauzka. Pasaiakoan ikatza da lantzen den gaia eta herrian bertan dago. Honek Gipuzkoako ibilgailu guztiek sortutako CO2a baino gehiago sortzen du. Horrez gain, Iberdrolak Estatuan ikatzez ekoizten duten beste bi zentral dauzka: Velilla del Río Carrión-en (Palentzia) eta Lada-n (Asturias),
Polemikoa oso, Sil ibaian (Galizia) 5 urtegi handitzeko daukan plana ere. Aste honetan bertan hango erakundeak (ekologistak, kultur arlokoak) Iberdrola (eta Fenosa) urtegiak handitzeko egiten ari den ahalegina salatu dute. Ahalegin horiek guztiak arauak eta legeak bazter uzten saiatzen dira.
Joan den astean BBVAri buruz aipatu genuen bezala, honetan ere mundu mailako potentzia baten aurrean gaude: «Iberdrolaren erronka, mundu mailan energia berraztagarrien arloan leku nagusi bat izatea da». Gauza da maila honetan lehiatu nahi duzunean oso maila handian egiten duzula eta eremu horretan denak balio duela. Itxurakeriaren, bidegabeko konpetentziaren eta diru erraldoiaren eremua da. Eta hor berdin da nongoa den enpresa, jarduera berdina da.
Beste proiektu lotsagarri bat Tehuantepec Istmoan daukana da (Mexiko). Bertan 5.000 haize errotak kokatzea da Iberdrolaren helburua, eta horretarako 130.000 hektarea eskuratu behar izan dituzte. Lurra eskuratzeko ere irregulartasun ugari egin ditu Ibertrolak. Proiektu hori gauzatzeko Gobernuaren eta Jaurlaritzaren laguntza dute batetik (kredituak, legeak...) eta, bestetik, Merkataritza Librerako Ituna (TLC gaztelaniaz), EB eta Mexikoren artekoa. Nolabait, hau zor ekologikoaren adibide izugarria da: kanpo zorraren eraginez, Gobernuak Merkataritza Librerako Itunak sinatzera behartuta daude, eta gure herrian onartuko ez genukeen zerbait bultzatzera.