GARA > Idatzia > > Euskal Herria

KRONIKA Muretera martxa

Etxeberria helmuga, 700 km-ko bidaia egin du elkartasunak

Xabier Etxeberria euskal preso azpeitiarra gose greban da martxoaren 3az geroztik. Hilaren azken egunean beteko du Estatu frantsesak ezarritako zigorra, eta «torturatua izateko duen arriskua dela-eta» abiatu zuen borroka duela 19 egun. Bederatzi kilo galdu ditu, baina animoak ez zaizkio falta. Are gutxiago bere herrikideen bisita jaso eta euren elkartasun mezuek espetxeko harresiak zeharkatu zituztenetik.

p012_f01.jpg

GARA

Eguzki indartsuari eta atseden egunari muzin egin, eta egitasmo hobea aurkitu zuten azpeitiarrek ostegunerako: ia hamabi orduko bidaia autobusez, hain zuzen ere. Berrogei bat azpeitiar goizean goiz esnatu, autobusa hartu eta 700 kilometro baino gehiago egin zituzten joan-etorrian. Txangoak ordea, bazuen sakoneko intentzioa: euren herrikide Xabier Etxeberria bahitua duten espetxeraino gerturatu eta megafono, txalaparta, suziri eta garrasien bidez euren elkartasuna adieraztea.

Etxeberriak hilaren 31n beteko du auzitegi frantsesek ezarritako zigorra. Estatu frantsesak ordea, espetxetik ez ezik, Estatutik ere kanporatuko du azpeitiarra, Estatu espainoleko mugaren batean utziz. Etxeberriak argi du, hau horrela gertatuta espainiar Poliziaren eskuetan gelditzeko arrisku bizia duela eta horrenbestez, «torturatua izateko arriskua» ere bai.

Egoera horri aurre egiteko eta bere eskubideen bermea aldarrikatzeko hemeretzi egun bete ditu gaur elikagairik ahoratu gabe; amnistiaren aldeko mugimenduak adierazi duenez, gose greba egitera behartuta ikusi du bere burua euskal presoak.

Borroka horretan ez dago bakarrik ordea, eta ostegunean horren lekuko zuzena izan zen Etxeberria, urte luzez preso eduki duten harresien beste aldean bere herrikideak ikusi zituen unean.

Jai eguna izan arren, goiztiar esnatu ziren Azpeitian. Atondu, bidaia luze bati aurre egiteko beharrezko ekipajea hartu, eta garaiz ziren, 07.30ean, autobusaren zain. Sei ordu luze eman zituzten autobusean, Azpeititik Muret Seysses espetxera dauden 340 kilometroak egiteko.

Otordurako iritsi ziren kartzela atarira, eta di-da batean autobusa hustuta, protestarako prest ziren azpeitiarrak: Etxeberriaren egoera salatzen zuen pankarta zabalik, ikurrinak eta amnistia aldarrikatzen zuten banderak aldean, suziriak airean eta txalapartaren dardara giroa bustiz. Ez ziren ez, oharkabean pasa euskaldunak,Muret osoan ez baitzegoen presorik euskaldunen bisitaz ohartu ez zenik.

Xabier Etxeberriak ere bere ziegatik entzun zituen herrikideen animo oihuak, eta ikurrina burdin barretatik ateraz agurtu zituen gerturatutakoak. Oihu ere egin zuen presoak eta azpeitiarrei egindako bidaia eskertu, eta animo mezuak bidali zituen bueltan.

Harresi ondoan emandako ordu erdia poliziaz inguratuta eman zuten azpeitiarrek, baina ez zen inolako arazorik izan. Autobusa hartuta ere, atzetik izan zituzten hainbat kilometrotan, baina arazorik gabe egin zuten Euskal Herrirako buelta.

Estatu frantsesari kritika

Amnistiaren aldeko mugimenduaren aburuz, «kanporatua eta, era berean, torturatua izateko arrisku handia» du Etxeberriak, eta joan den urtean Guardia Zibilak eta Polizia espainolak torturatutako euskal herritarrak 62 izan zirela gogoratuta, Gobernu espainolak «tortura sistematikoki erabiltzen» duela salatu du.

Zentzu honetan, Gobernu espainolaren jokabideaz gainera, Gobernu frantsesarena ere salatu du mugimenduak, euskal herritarrak «torturatzaile espainiarren atzaparretan uzteko» duen prestutasuna dela-eta.

Xabier Etxeberria euskal preso politikoak Euskal Herrian libre bizitzeko eskubidea duela aldarrikatu du ozen amnistiaren aldeko mugimenduak eta herritarrei eskubide horren defentsan lan egitera dei egin die.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo