Pasaiako sarraskitik 25 urtera errepresioak etenik ez duela salatu du AAMk
Bihar beteko dira 25 urte espainiar Poliziak Pasaiako portura iritsi eta lau euskal herritar tiroz hil zituela. Horren harira, amnistiaren aldeko mugimenduak lau herritar horien oroimena ekarri nahi du gogora. 1984. urteaz geroztik, Euskal Herrian errepresioak «etenik» ez duela izan salatzeaz gainera, datozen egunetan Paisaian, Txantrean eta Azpeitian izango diren ekitaldi eta omenaldietan parte hartzeko deia egin die herritarrei.
GARA |
1984. urteko martxoak 22 zituen espainiar poliziek Pasaiako portura iritsi eta bertan lau euskal herritar tiroz hil zituztenetik. Sarraskiaren 25. urtemugaren kariaz, amnistiaren aldeko mugimenduak lau herritar horiek gogora ekarri nahi ditu. Eta, ildo honetan, datozen egunetan Txantrean, Azpeitian eta Pasaian izango diren ekitaldietan parte hartzera dei egin du.
Espainiar Gobernuak gerra zikinaren apustua egina zuen 80ko hamarkada bukaeran eta garai hartan GALek hainbat euskal herritar bahitu eta hil zituen. AMMren esanetan, Frankismoaren jarraipena baino ez zen erregimen politikoak bultzaturiko gerra zikinaren emaitza, eta testuinguru horretan kokatzen dute Pasaian izandako sarraskia.
Jose Maria Izura, Pelu; Pedro Maria Isart, Pelitxo; Rafael Delas, Txapas; eta Dionisio Aizpuru, Kurro espainiar Poliziak hil eta 25 urtera, errepresioak «etenik» ez duela izan salatu du AAMk. Izan ere, Estatu espainolak, «errepresio molde guztiak erabili ditu azken urte hauetan, Euskal Herriko gatazka politikoari amaiera emateko: gerra zikina, ZEN plana, heroinaren erabilera politikoa, gazteriaren aurkako polizia operazioak, tortura, espetxe politika ankerra eta abar».
Azken hilabeteei erreparatuta, azken 25 urteotan gertaturikoaren errepikapenaren aurrean gaudela adierazi du AMMk. «Igaro den denbora tarte horretan, Estatu espainolak gerra zikina egiten jarraitu du eta bitarteko guztiak erabiltzeko prest dago».
«Sufrimendu handia»
Jazarpenak «sufrimendu handia» ekarri du gure herrira, baina bere helburu politikoak ez dituela lortu adierazi du mugimenduak. Gatazka politikoak, bere esanetan, ez baitira errepresioaren bidez konpontzen, «elkarrizketaren eta akordioen bidez helduko da konponbidea».
Azken hilabeteotan, errepresioak hildako euskal herritarren oroimena ezabatzeko «asmo argiak» dira izan diren hainbat debeku eta omenaldien aurkako erasoak. Tolosan, Lasa eta Zabala hil zituztela gogoratzeko ekimenaren aurka Ertzaintzak nola jo zuen bistan geratu zen. Leioan eta Sakanan, agertokia ezberdina izan arren, gauza bera ikusi genuen.
Aste honetan bertan, Txantrean Pasaiako jazoera gogora ekartzeko antolatutako hitzaldiak ere debekua jaso zuen. Joseba Merino, Pasaiako sarraskitik bizirik atera ziren bi lagunetako bat zen hitzaldia ematekoa. 25 urte igaro direnean, Merinori ez zioten sarraski horretan gertatutakoa azaltzen utzi. AAMren aburuz, errepresioa bera «estaltzen» ahalegintzen ari dira, jazarpenak hildako izenak isilarazten.
Amnistiaren aldeko mugimenduak tinko defendatu du errepresioak hildako euskal herritarrak oroimenari eusten jarraituko duela. Hori dela-eta, datorren asteotan, bai eta datozen hilabeteetan ere, hainbat herritan izango diren ekitaldi eta omenaldietan parte hartzeko deia egin du.
Errepresioak hildako euskal herritarren oroimena ezabatzeko asmo argiak agerian geratu dira azken hilabeteotan. Berriki, Txantrean Pasaiako gertaeren inguruko hitzaldia debekatu zuten.