Euskal Konfederazioa hizkuntzen aldeko legearen alde mobilizatzeko prest da
Hizkuntzen legea 2009an finkatuko dela berretsi zion berriki Estatu frantseseko Komunikazio eta Kultura ministroak Euskal Konfederazioari. Hau horretan lan egiteko prest agertu da. Aurretik, hizkuntza lege batek aitortu beharreko oinarrizko zortzi printzipio finkatu ditu.
Ainize BUTRON |
Euskal Konfederazioak euskara eta beste lurraldetako hizkuntzak kontuan hartuak izan daitezen kanpaina abiatu du. Eta, ekimen horren barruan, Estatu frantseseko Christine Albanel Komunikazio eta Kultur ministroari gutun bat helarazi zion. 2008ko maiatzaren 7an Albanelek 2009rako hizkuntza lege bat aurkezteko asmoa zuela agertu zuen. Geroztik berririk ez dute izan eta gutuna helarazi zioten. Ministroak lege proiektua abian jartzekotan direla berretsi du duela gutxi. Horrekin pozik agertu zen Euskal Konfederazioa, Gobernuak gai horrekiko duen interesa zalantzan jarri bazuten ere. Gutunean, izan ere, ministroaren kabineteko buruak hizkuntza gutxituak Konstituzio frantseseko lehen artikuluan jasota zeudela erantzun zuen. «Lehen artikuluak du Estatu frantsesaren batasuna aldarrikatzen», ekarri zuen gogora Euskal Konfederazioko lehendakari Mixel Oronozek, erran hori Gobernuak gai horrekiko duen ezagupen eskasa eta gutxiespenaren adierazle zela agertu nahian.
Nolanahi ere, lege proiektu berria finkatzeko orduan Albanelek «gogoeta ireki» bat abiatuko duela agertzen duenez, horretan lan egiteko prest agertu zen Euskal Konfederazioa.
«Hizkuntzaren geroa segurtatzeko beharrezkoak diren neurriak zehazten laguntzeko prest gaude. Baina, ez dezatela gure laguntza espero itxurakeria egiteko», gaineratu zuen.Lanean hasi aurretik, Euskal Konfederazioak hizkuntza lege batek aitortu behar dituen oinarrizko zortzi printzipio finkatu ditu. EEPko presidente Max Brissoni dokumentu horren berri eman diote jadanik, eta Frantziako Eskualdeen Elkarteari hitzordua galdegin diote proposamena ezagutarazteko. Zortzi puntuko txosten horretan hizkuntza politiken kudeaketa Lurralde Elkargoei ematea eskatzen du, besteak beste. «Egiazki eraginkorra izan nahi duen lege proiektu batek printzipio horiei gutienik erantzun behar die, eta arloz arlo garatu», erran zuten. Eskakizun hori indartzeko, euskal kultura sostengatzeko herrien elkargoaren engaiamendua lortua du Euskal Konfederazioak.
Mobilizazioa
Lurralde hizkuntzen onarpena eta garapena bermatzeko lege baten aldeko eskakizunak oihartzun zabalagoa har dezan, Euskal Konfederazioak ez zuen baztertu manifestaldi bat egitea. Okzitaniarrek urtero urrian manifestaldi bat egiten dutela eta, garai horretan egiteko asmoa dutela adierazi zuten. Manifestaldia, egun berean gainerako herrialdeetan egiteko aukera ere badela aipatu zuten «oihartzun handiagoa izate aldera».
Martxoaren 7an, euskal kultura sostengatzeko herri arteko sindikatuak zortzi printzipio biltzen dituen mozioa aho batez onartu zuen. Herriko Etxe guztietan horren aldeko mozioak bozkatzeko konpromisoa hartu zuten hautetsiek.