Laborantza Ganberak Akitaniako Kontseiluaren dirulaguntza jaso ahalko du
A.M. |
Hainbat gorabeheraren ondotik, Euskal Herriko Laborantza Ganberak Akitaniako Kontseilu Nagusiak finkatutako dirulaguntzak jaso ahal izango ditu.
Iazko azaroaren 28an Kontseiluak aho batez onartu zuen EHLGri 96.020 euro helaraztea, batetik, AREA (Ingurumena zainduz garaturiko laborantza) programaren diagnostikoak egiteko eta, bestetik, laborari gazteen instalazioa laguntzeko.
Pirinio Atlantikoetako prefet Philippe Reyk eskatuta, Akitaniako prefet Francis Idracek aipatu deliberoa bertan behera uzteko galdegin zion Alain Rousset kontseiluburuari, EHLGko presidentea auzipetua zelako Paueko Ganbera ofiziala ordezkatzea egotzita.
Urtarrilaren 15ean Roussetek idatziz erantzun zion Idraci ez zuela horrelako asmorik, EHLGren jarduerak eskualdean interes publikoa duela eta Ipar Euskal Herriko eta, horrenbestez, Akitaniako nekazaritzaren mesederako dela argudiatuz.
Prefetak martxoaren 16ra arteko epea zuen administrazio auzitegian erabakia deuseztatzea eskatzeko, baina ez du horrelakorik egin eta, beraz, diru-laguntzak legezkoak dira.
EHLGk pozik hartu du berria, Akitaniako Kontseiluak ebazpena aplikatu ahal izango duelako eta bere lanaren aitorpena islatzen duelako.
Laguntzen murrizketak
Bestalde, laster jakingo da errenta-aitorpenetik EHLGri emandako dirulaguntzen murrizketen deuseztearen inguruan Ekonomia ministroak aurkeztutako helegitearen emaitza. Paueko epaitegiak Ogasunaren erabakiaren aurka egin zuen eta Bordeleko auzitegiak aztertu du berriki helegitea. Gobernuko Komisarioak helegitea aintzat ez hartzearen alde azaldu da.