Maratoia erlojupeko larri ez bilakatzeko finala
A.U.L. | EIBAR
Maratoi astunean korrika ari da Eibar azken aldi honetan. Baina Murphyk esango lukeen bezala, den-denak egin dezake okerrera. Eta gorri-urdinen kasua ez da salbuespena, dena kirol diziplinen eremuan geratzen bada ere: gaurko finala gainditzen ez badu, Eibarrek erlojupeko bati ekingo dio hemendik aurrera.
Armaginek beraiek, futbolariek maite ohi ez duten hitza den arren, argi dute Kordobaren aurka jokatuko duten partida final bat dela. Alde batetik, kalkuluak eginez gero, taldea geratzen diren 14 jardunaldietan zortzi garaipen eskuratzera behartuta dagoelako -eta denbora pasa ahala, marjina, noski, estutu egingo da-.
Bestetik, eta bereziki, talde andaluziarra aurkari zuzena delako, mantentzearen muga markatuz eta eibartarrekiko bost puntuko abantailaz. Irabaziz gero, beraz, Eibarrek hozkada ederra emango luke, baita Txiki Lombrañak aitortu zuenez, «konfiantza hobetu ere, azken emaitzek apur bat burumakur utzi gaituzte-eta». Galduz gero, berriz, hanka eta erdi izango lukete armaginek Bigarren B mailan, bolada txarra luzatuz, desabantaila zortzi punturaino handituz eta Kordobaren aurkako gol average-a galduz.
Erreakzioa beharrezkoa den arren, Josu Uribek ez du aldaketa gehiegi egingo hamaikakoan. Argia dirudi Ibon Larrazabal itzuliko dela, Carmelo etxean geratu baita, eta zalantza nagusia Lopez Rekarteren debuta da. Kili-kolo dabiltza Ivan Romero eta, batez ere, Alvaro Martinez, eta entrenatzaileak ez baditu ondo ikusten, sasoi onean heldu den arrasatearrari eskainiko dio jokatzeko aukera.