GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Sokatira Euskal Herriko Txapelketa

Abadiñok amaierara arte jarraitu beharko du lanean

Herenegun gauean ezin izan zuen Ezpeletako saioa irabazi, eta sailkapen nagusian lehenengoa bada ere, oraindik ez du txapela ziurtatuta.

p042_f01.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Ezustekoa izan da Euskal Herriko Txapelketan, izan ere, Abadiñok lehen aldiz galdu ditu denboraldi honetan bi tiraldi talde baten aurka, eta Berriozar izan da hori lortu duena. Behin bizkaitarrak menderatuta, bazirudien nafarrek irabaziko zutela herenegun gauean Ezpeletan jokatu zen 560 kiloko saioa, baina azkenean hiru talde berdinduta geratu ziren.

Orain arteko demarik estuena izan zen Ezpeletan jokatutakoa. Abadiño zen irabazteko faborito nagusia, eta hori lortuta, gainera, txapela ere poltsikoan izango zuen. Oraindik ere sailkapen nagusiko lehen postuan jarraitzen du, baina azkeneko jardunaldian erabaki beharko du.

Saio bikaina izan zen, eta gauza ederrak ikusi ahal izan ziren. Lehen postuan, hiru taldek amaitu zuten berdinduta, eta hori ez da askotan gertatzen, ez behintzat azkeneko denboraldi hauetan.

Abadiñok Amaiur mendean hartu zuen. Ustez, hauek ziren bizkaitarren aurkaririk gogorrenak, eta, beraz, askorentzat berriro ere lehen postua erabakita zegoen.

Ezustea, ordea, bizkaitarrak Berriozarren aurka indarrak neurtu zituztenean heldu zen; berdeek bi tiraldi galdu egin baitzituzten, eta sailkapenean berdinduta geratu ziren. Berriozarrek garaipen honekin, bazirudien saioa eraman behar zuela, baina Amaiurrek hori horrela ez izatea erabaki zuen, eta bi tiraldiak irabazi zizkion. Hala, hiru talderen arteko berdinketa izan zen. Berriozar, Amaiur eta Abadiño, berdinduta, beraz, lehen postuan; hirurek hartu baitzituzten mendean bai Ñapurrak eta baita Baiona ere, eta aurten lehen aldiz, hiru taldek berdinduta amaitu zuten lehenengo postuan.

Azkeneko bi lekuetan ez zen ezusterik izan. Ñapurrak, nahiz eta etxean aritu, ez zen aurreko hiruretako inor menderatzeko gai izan, eta Baionari bakarrik irabazi zizkion bi tiraldiak. Laugarren postuarekin konformatu behar izan zuten.

Baionak, aldiz, lehen jardunaldian bezala, oraingoan ere saioko tiraldi guztiak galdu, eta azken postuan geratu behar izan zuen, eta sailkapen nagusian ere hortxe jarraituko du. Beraz, sailkapen nagusia horrela geratu da: lehen postuan Abadiño 9 punturekin; bigarren Amaiur 8rekin; hirugarren Berriozar 7rekin; laugarren Ñapurrak 4rekin, eta azkena Baiona 2rekin.

Azken jardunaldia Elizondon jokatuko da gaur zortzi, eta Abadiñok jarraitzen du txapela irabazteko faborito izaten. Amaiurrek eta Berriozarrek ere aukerak badituzte, baina lehenek gehiago. Horretarako azken jardunaldia irabazi eta Abadiñok hirugarren amaitu beharko luke. Berriozarrena zailagoa da, saioa irabazi, eta bizkaitarrak laugarren amaitu beharko baitute, edo bestela kitarakoan menperatu.

Lehen porrota

Bizkaitarrak orain arte beste talde guztien gainetik agertu dira, baina oraingoan Berriozarrek menderatu ditu, Ezpeletako neurketako bi tiraldiak kendu baitzizkion.

Ezusterik ez

Lehen postua borrokatua izan bazen ere, atzean ez zen ezusterik izan. Ñapurrak etxean aritu zen arren, Baionari bakarrik irabazi ahal izan zion, eta hiriburukoak azken lekuan geratu ziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo