GARA > Idatzia > > Kultura

«Ezkilaren poesia», musika eta akrobaziak, «Dong» ikuskizunean

Bi Harriz Lau Xori jaialdiaren baitan, «Dong» ikusgarriaren «Ezkila» izango da gaur ikusgai Biarritzeko Mazon parkean. Soinua, musika eta akrobaziak eskainiko dituzte Lagunarteko kideek alegiazko ezkila baten barnean eta kanpoan erresonantziaren magia baliatuta.
p049_f01_148x100.jpg

Idoia ERASO | BIARRITZ

«Ez da istorioa xerkatu behar, ezkilaren poesia agertzen da», adierazi zuen ikusgarriko sortzaile eta interprete Pantxix Bidartek. Asmatzailea eta musikaria den Kristof Hiriartek ikusgarriak duen alegiazko aldea ere nabarmendu zuen: «Ezkilaren mihiaren edo lengoaiaren xerkaketa da. Zentzuaren metafora bat da soinua, mihia eta musikaren bitartez egina».

Mihia eta lengoaia, hizkuntza eta mingaina. Ezkilaren soinuaren azterketaren bitartez helarazten duena aztertzen du «Dong»ek. Ezkilaren mihia, metala mintzarazten duena ere aurkeztua dago, trapezista batek egiten du «ezkilaren» erditik zintzilik. Metalezko txilinaren hizkuntza unibertsala nabarmendu zuen Bidartek: «Soinuaren unibertsaltasuna helarazten du «Dong»ek, edozein tokitan emanik ere zerbait esan nahi du. Hemendik, Euskal Herritik, abiatzen da, baina edonon du zerbait erraten. Soinuak badu hizkuntzatik at joateko gaitasuna, nortasuna ezeztatu gabe, atxikiz».

Alegiazkoa, baina ez irudizkoa, «Dong»en soinua zabaltzen duen ezkilak sei metroko diametroa duen kupula bat du funtsean eta kanpaiaren forma emateko kateak baliatu dituzte sortzaileek. Ikuskizun hasieran «ezkila» lurretik metro gutxi batzuetara kokatzen da eta kupula da nagusi, baina obrak aurrera egin ahala gora egiten du lurretik urrunduz eta kanpaiaren bizian aurrera eginez.

Kanpaiaren bizia

«Lehen zatian metalaren gainean egin lanaren berri ematen dugu», azaldu zuen Hiriartek. Izan ere, metalaren soinua eta kanpaiaren eitea ulertzeko sortzaileak ezkilak egiten dituen enpresa batera joan ziren eta lehen zatian grabatu soinuek laguntzen dute abeslarien ahotsa eta instrumentuen musika, trapezistaren dantzarekin batera.

Materialetik abiatuta, «ezkilak» gora egiten du bigarren zatian, eta orduan bere inguruko sinbologia lantzen dela azaldu zuen Kristof Hiriartek: «Askatasunaren ezkila, erlijioaren edo animalien zintzarria aztertzen ditugu».

Hirugarren zatian «zentzua ematen diogu», gaineratu zuen Hiriartek; orduan agertzen da elizako kanpaia eta ardiaren zintzarria. «Orduan trapezistak ezkila-mihiaren tokia hartzen du. Kupularen inguruan egon eta gero, mugimendu poetikoa sortzen du, beti barruan eta sonoritatearen eremuan». Soinua barreiatzeko dramaturgia mugimendua baliatu dute, bai trapezistek bai musikariek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo