GARA > Idatzia > > Kultura

Ijitoek Euskal Herriko tradizioan izandako eragina du aztergai Lougaroten «Bohémiens» lanak

Europako ohitura zaharrak eta ijitoei buruz plazaratu diren ikerketak aztertzen aritu da Nicole Lougarot. Europa osoan ibili den herri ibiltari horrek euskal kulturan eragin handia izan duela ondorioztatu du.

Ainize BUTRON | BAIONA

Buhameak, ijitoak, kitanoak, erromintxelak, kaskarotak edo boscayen dira, besteak beste, mendeetan Euskal Herriko lurraldeak zeharkatu, bai eta bizilekutzat hartu dituzten herri horretako kideei ematen zaizkien izendapenak. Eta, horiek ditu aipatzen Nicole Lougarot kultur eragileak berriki Gatuzain argitaletxearekin kaleratu duen «Bohémiens» liburuan. Etnia horren berezitasuna baino, Lougarot herri horrek Euskal Herriko egungo kulturan utzitako aztarnak aztertzen aritu da azken hiru urteotan.

Hebendik elkarteko kide eta Zuberoako Xiru festibaleko antolatzaile gisa ijito txaranga bat bilatzen aritu zen eta, horren karietan, 1802an Baiona eta Maule artean izandako sarekadaren berri izan zuen. Gau bakar batean 462 buhame atxilotu zituzten. Sekula entzun ez zuen gertakari horri buruzko informazioa eskuratu ondotik, Zuberoako Maskaradaren pertsonaietan herri horren aipamen zuzena egiten zela ohartu zen.

«Buhameak agertzen dira Maskaradetan. Testuak irakurtzean, askotan arrazakeria nabaria dela ohartu naiz. Pentsatu izan dut, Maskarada beraien aurka zegoen irudiaren irudi bat baizik ez zela, baina, horren gibelean beste zerbait zegoela ikusi dut», argitu zuen idazleak. Ikerketaz ikerketa, Nicole Lougarotek ijitoek Euskal Herriko kulturan uste baino eragin handiagoa izan zutela ondorioztatu du. Horretarako, ikerketak bereganatzeaz gain, Europako ohiturak ere aztertzen aritu da. Horrela, Europako beste hainbat Maskaradetan Zuberoako pertsonaiak errepikatu egiten zirela jakin zuen.

«Ikerlari batzuen arabera, Europan kultur funts bateratu bat zegoen, eta horregatik daude lotura horiek. Baina, teoria horretan puntu batzuk argi ez zeudela iruditu zait. Zuberoako eta Errumaniako Maskarada, nire ustez, Maskarada tzigano-a zen. Beraiek dute beraien burua horrela aurkeztu», argitu zuen.

Dantzak

Maskarada ez da idazleak emandako adibide bakarra. Zinta dantza, makil dantzan edo inauterietan agertzen diren Kaskarotak dira adibide gisa jarritako beste pertsonaia batzuk. «Lotura horiek ondorioztatzen dute ijitoek ekarpen handia egin dietela Euskal Herriko ohiturei. Jasaten zuten errepresioari ihesi, populu hori lekuko herritarren artean nahasi zen. Eta, gaur egun, oso zaila da esatea nor den buhamea. Askok ez dakite ere jatorrian familia ijitoa zutela», nabarmendu zuen azkenik idazleak.

ZUBEROAKO ERAGILE

Nicole Lougarotek Zuberoan azken urteotan sortu diren hainbat sorkuntzatan parte hartu du, «Matalaz», «Oiherkoren trajeria» eta «Ana non» kasu. Xiru festibalaren antolatzaile eta Hebendik elkarteko kide ere bada.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo