Iratxe Esnaola Arribillaga Informatika ingeniaria
Copyright-a frantses erara
Estatu frantsesean sortu duten «hiru abisu»en legeak Internetetik ustezko eduki ilegalak deskargatzea zigortu nahi du, baina arazo ugari eragingo du aldi berean, besteak beste telekomunikazio enpresei dagokienez. Iratxe Esnaolak dioenez, lege horren benetako helburua copyright-aren legea indartzea da. Hortik abiatuta, copyright-aren zilegitasuna zalantzan jartzen du.
Paradoxaren eta, beharbada, ironiaren errepublika bilakatu da Estatu frantsesa azken hilabetean. Batetik, Sarkozy eta bere Administrazioak «hiru abisuen» lehen legea onartu berri duelako, zeinaren bitartez, Internetetik ustezko «eduki ilegalak» deskargatzen dituzten erabiltzaileak zigortu nahi dituzten. «Hiru abisu»: hiru abisu jaso, eta deskargak gelditzen ez dituztenei, Interneteko konexioa kenduko zaie. Bestetik, Sarkozy eta bere alderdia, UMP, salatuak izan dira MGMT musika talde estatubatuarraren aldetik, beraien abesti bat mitinetan erabiltzeagatik, abestiaren copyright-a ez errespetatzeagatik, alegia. Paradoxa, ironia. Copyright-a frantses erara.
«Hiru abisu»en legea Estatu frantsesean bertan sortu zen arren, industriaren presioak tarteko, mundu osora zabaltzen ari den legea da. Estatu frantsesak berak ahalegin sutsuak egin zituen «hiru abisu»en lege hori Europar Batasunean onartua izan zedin. Baina aurkako jarrerak ere izan ziren eta ez zen onartua izan. Haatik, ez da herrialdekako politiken kontua bakarrik, herrialde beraren baitan interes ezberdinak ukitzen dituen legea baita.
Estatu frantseseko telekomunikazio enpresa nagusiak ez daude hain pozik. Hiru abisuak jaso ondoren, erabiltzaileei Interneteko konexioa etetea da asmoa. Horretarako, telekomunikazio enpresek beren azpiegitura aldatu behar dute, Interneteko konexioa kendu arren, beren bezeroek telefonoa edota ordaindutako telebista ikusteko aukera izan behar baitute. Azpiegituraren aldaketa horrek telekomunikazio enpresa bakoitzari sekulako gastua ekarriko dio (Orange-k dioenez, urtean hamahiru milioi euro gastatu beharko ditu).
Hori horrela, eta «hiru abisu»en legearen munduratze prozesuan, Estatu espainola ere hasi da lanean. 2010eko lehen seihilabetekoan, Estatu espainolak Europar Batasunaren Lehendakaritza izango du eta ordurako auzi hau konponduta izan nahi omen dute. Kasu honetan, telekomunikazio enpresek «hiru abisu»en legea beraien interesetara egokitu dute. Abisuak, deskargak modu intentsuan burutzen dituztenek soilik jasotzea proposatzen dute. Abisuak eta abisuak eta isun txiki metagarriak. Interneteko konexioa etetea ez dute aukeretan sartzen. Normala da. Azpiegitura aldatzeak gastu bat ekarriko die; Interneteko konexioa kentzeak, berriz, diru-iturrien murriztea. Baina, noski, proposamen honekin SGAE (egile eskubideen kudeatzaileak) eta industriaren ordezkariak ez daude gustura, beraien ustez, konexioa etetea baita ezinbestekoa: deskargak ekiditea.
Estatu frantsesaren estrategiaren urrats bat gehiago da «hiru abisu»en legea, copyright-aren legea indartzea helburu baitu . Baina une berean, Sarkozy eta UMP copyright-aren legeari muzin egiteagatik salatuak izan dira. MGMT musika taldeak salatu egin zituen, mitinetan, publizate spotetan, bideoetan eta webgunean beraien abesti bat erabili zutelako. Salaketa gainditzeko, UMPk euro bat eskaini zion musika taldeari. Bai, euro bat, euro ziztrin bat. MGMT taldeak irain gisa ulertu du eta, azkenean, UMPko ordezkariek ordaindu beharrekoak ordainduko dituztela adierazi dute.
Paradoxikoa da. Ironikoa. Iraingarria. Salagarria bezain larria. Gertatu dena, zergatik ez, irrigarria ere bada, zentzua aurkitzea ere oso zaila baita. Honek guztiak ordea, «hiru abisu»en legearen zilegitasunaren inguruko irakurketetatik harago, copyright-aren esentzia zalantzan jartzera eraman behar gaitu. Copyright-a da zilegitasunik ez duena. Copyright-a da egungo baliabide teknologikoetara egokitu ez dena: copyright-a eta horren inguruan biltzen diren erakunde interesatu guztiak.
Copyright-a XVI. mendean sortu zen, inprentaren asmakuntzak eragindako kopiarako aukera eta iritzi publikoa kontrolatzeko helburuarekin. Lanak kopiatzeko eskubidea inprentakoen eskutan zegoen soilik. Hori guztia maila sozialean modu naturalean onartu zen, baliabideen faltan, kopiak eskuz egitea baitzen beste aukera bakarra (eta eskuzko kopiak legalki onartzen ziren, inork lan hori hartzen ez bazuen ere). Hori horrela, garai hartan copyright-aren legeak oinarri zituen zenbait printzipio, gaur egun, modu nahastu, maltzur eta interesatuan heredatu ditugu (edo heredarazi dizkigute). XVI. mendean sortutako copyright legea oinarri hartuta, industriaren eta kulturaren zenbait esparruk eta beste zenbait botere egiturek, Javier de la Cueva teknologietan aditua den abokatuak dioen bezala, «jabetza intelektualaren erresuma» eratu dute. Autore, musikari, artista eta, oro har, egileek egindako lanaren banaketa kudeatu eta kontrolatzetik bizi dira. Egilea eta erabiltzailearen (edo kultura-kontsumitzailearen) arteko soka ekonomikoa da «jabetza intelektualaren erresuma».
Inprenta asmatu zen. Irratia, telebista. Teknologiak iritsi dira. Eta honekin, Internet. Jada erraza da kopiatzea. Informazioa kopiatzea ekintza sinplea eta azkarra da (ez da eskuz kopiatu behar). Are gehiago, teknologien eragin soziala neurgaitza dela esan daiteke, ekoizpen-sistema alternatiboak sortu eta teknologien erabiltzaile guztiek informazioa kopiatu eta banatu baitezakegu.
Egoera berri honetan, «jabetza intelektualaren erresuma» mehatxatua sentitzen da. Ezin dute teknologien eragina kontrolatu. Eskuetatik ihes egiten die. Kontrola (eta dirua, noski) galtzen ari dira. Teknologien etorrerarekin, beraien erresuma kolokan ikusi dute: egilea eta kultura-kontsumitzailearen arteko soka ekonomikoak zentzua galdu baitu. Eta hortik datoz presio-lanak eta horri erantzuteko etengabeko bonbardaketa mediatikoa. Horregatik hitz egiten digute «pirateriaz», baimenik gabeko kopiez hitz egin beharrean. Horregatik esaten dute Interneteko deskargek kulturaren krisia ekarri dutela, erabiltzailea dela krisi horren errudun zuzena, eta horrexegatik, hain zuzen, hartzen dituztela hartzen dituzten neurriak. Kulturaren salbatzaile gisa aurkezten zaizkigu, helburu bakarra beraien poltsikoak zaintzea denean.
«Jabetza intelektualaren erresumak» bere lekua kolokan ikusten du eta desoreka horretan, jendartearen kontrako neurri zuzen eta bortitzak hartzen ari dira: informazioaren zirkulazioa teknikoki kontrolatu nahi dute, informazio horren kudeaketa pribatua bermatzeko; «jabetza intelektualaren» defentsa eta informazioa kopiatzea eta banatzea ekintza maltzurra dela mediatikoki etengabe errepikatuz, «piratak» garela esanez, marko kontzeptual desegokiak jendartean txertatuz; eta lege bortitz eta larriak sortuz, «hiru abisu»en legea kasu.
«Jabetza intelektualaren erresumak», beraz, mekanismo estrategiko integral bat du martxan. Helburua: XVI. mendean sortutako copyright-aren printzipioei helduta, jendartean gertatzen diren baliabideen aldaketen aurrean beraien erresuma ekonomikoa bere horretan gorde eta iraunaraztea. Eztabaida, ordea, edukien gaineko babes neurrien eta egile eskubideen definizioan kokatu behar da. Eta badira alternatibak. Ezagunenak Copyleft eta Creative Commons (informazio gehiago euskarazko Wikipedian: http://eu.wikipedia.org). Gero eta gehiago erabiltzen dira eta, zalantzarik gabe, teknologien arora, informazioaren eta jakintzaren jendartera eta kulturaren eta ezagutzaren zabalpenera begira daude. Mota horretako lizentziak eta «jabetza intelektualaren erresumaren» disolbatzea dira etorkizuna. Baita frantses erara ere.