GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Norabide nahasien garaia

 

Duela berrogeita bi urte, Frantziak NATOren agintzatik ateratzea erabaki zuen. Ez genuen noski orduan erabakiarekin deus ikustekorik izan, De Gaullen eskutik etorri baitzen urratsa, ez zen hemen horrelako debaterik izan, baina Frantzia, nolabaiteko autonomia berreskuratu nahian, Nazio Batuen agindupetik ateratzea ona zela pentsatuz, urrundu zen. Alderdi komunista aurka jarri zen. Urrats horrek gobernua politika militar propioa izatera eraman zuen eta nazioartean Pariseko diplomaziak kolore desberdina izan zuen askotan. Sarkozyk ez du nostalgiarik izaten eta NATOren manu militarreko zuzendaritzara itzultzea hautatu du. Parlamentura itzuli eta galdera pausatu. Berriz ere, debate gutxi eta komunistak aurka. Parisek izan duen boz desberdinak eragina izan zuen Iraken kontrako gerlan, gerla horretan ez parte hartzea ekarri baitzuen askoren onerako.

Ez gara noski Frantziako independentziaren aldeko militanteak, ez dugu penarik izango frantses diplomaziak berezitasun puntua galtzen badu. Frantziak eragina galtzen badu, ez da gure kezka. Aldiz, zergatik honenbeste indar bildu NATOren barnean? Zergatik Nazio Batuen inguruko metatze hori? Militarrak elkartzen direlarik, gehienetan gerlaz hitz egiten baitute, eta gerla proiektuak bultzatzen. Erantzun itxura izan du Errusiak iragarri duena, ondoko urteetan armaz ederki hornitzeko asmoa. Ez dira horiek bakerako seinaleak.

Milioika jende karriketan, grebak segituak, lau pertsonatik hiru eramaten ari den politikaren kontra, baina Sarkozy ez da mugitzen. Hasitako erreformak gure onerako omen dira eta ondoko egunetan, hilabeteetan aldaketak sumatuko omen ditugu. Denek diote egoera okertzera doala baina aurrera jarraitzen du. Erran behar da mobilizazioak jarrera baketsuan egiten direla, sindikatuek eman prentsaurrekoan adierazi dute elkartuko direla eta zer egin behar duten pentsatuko dutela. Ageri da ez dutela inongo proiekturik, ezta haserrerik ere gaurko politika ekonomikoaren kontra, kanporatzeen aitzinean. Gobernuak prentsa sareak kontrolpean ditu, horrekin izugarrizko abantaila du, mobilizazioen neurriaz ohartzeko galbahe izugarria jarria baita, telebistaren bitartez bereziki. Guadalupeko herritarrek erakutsi duten kemena frantses sindikatuen artean ikusi beharko litzateke zerbaiten lortzeko, politika berri baten bultzatzeko. Orai arte, presa handiegia ikusi diegu ogi pizar batzuen negoziatzeko. Zer aukera karrikan gelditzen direnentzat?

Euskal Herriko Laborantza Ganberaren alde erakutsi zuen sostenguak ordaina merezi zuen. ABk Europako hauteskundeetan Bovéren alde bozkatzea erabaki du, ordain ederra da, garestia agian. Noski, Europako hauteskundeetan ez dugu diputaturik aterako, aldiz Bovék aukerak izanen ditu eta denen bozak beharrezkoak izanen ditu. Bové diputatu aterako balitz euskal arazoa aterako luke, hau da erronka. Baina, abertzaleen proiektua ateratzeko, agertzeko aukera hain gutxitan izaten dugularik, gure kezkak, gure beharrak hedatzeko, ezagutarazteko parada alde batera uztea merezi al du? Indar aski al dugu hauteskunde kanpaina batetik kanpo gelditzeko?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo