Korrika, 29 urteko ibilbidea, euskararen aldeko mezua Euskal Herri osoan zehar zabalduz
Euskararen alde burutzen den ekimenik erraldoiena da Korrika. Bi urtean behin Euskal Herri osoa alderik alde zeharkatzen du, orain 29 urte abia- razitako «erokeriak». Milaka kilometro egin ondoren, gaur egun ohikoa, ia etxe-etxekoa bihurtu da AEK-k antolaturiko lasterraldia.
Manex ALTUNA
Korrikaren hamaseigarren edizioa hasteko hiru egun baino ez dira falta. Aurten Tuteratik abiatuko den lasterketak euskararen herrira ongietorria ematea izango du Euskal Herri osoan zabalduko duen mezua. Munduan parekorik ez duen ekimen erraldoi honek edizioz edizioz jasotako babesa handituz joan da eta suertatutako arazo guztiei aurre egiten asmatu du, betiere sekulako arrakasta lortuz.
1980: Oñati-Bilbo
AEK-ko hainbat kideri, euskararen aldeko mezua zabaltzeko eta koordinakundearentzat dirua jasotzeko, Euskal Herriko toki guztietan kilometro bat egiteko aukera otu zitzaien, eta negu gorrian antolatu zuten lehen edizioa. 1980ko azaroaren 29an abiatu zen Oñatitik lehen Korrika, eta bederatzi egun geroago, Bilbon bukatu zen. Jesus Maria Satrustegi euskaltzain nafarrak izan zuen zero kilometroa egiteko ohorea, eta Oñatiko Unibertsitateko ateetatik abiatu zen elurra mara-mara ari zuela. «Zuk ere esan bai euskarari» izan zen orduko leloa, eta Xabier Amurizak jarri zizkion hitzak eta ahotsa lehen kantuari. Antolatzaileen aurreikuspen guztiak gainditu zituen ekimenak, eta arazoak konpontzeko gaitasuna ere erakutsi zuten. Izan ere, Rikardo Arregik 1966. urtean idatziriko mezua irakurri behar zuten amaierako ekitaldian, baina bidean galdu egin zen. Horren ordez, Julen Kaltzadak AEKren mezua zabaldu zuen, eta gogora ekarri zituenez ekitaldian egoterik ez zutenak, Euskal Herriaren aldeko borrokan bizia emateagatik espetxeratuak edota torturatuak izanik, zalaparta sortu zuen hainbat eragiletan.
1982: Iruñea-Donostia
Handik bi urtera Iruñetik abiatu zen bigarren Korrika, eta oraingo honetan udaberrian burutu zen. Maiatzaren 22tik 30era, 1.822 kilometro eginez, Donostiara iritsi zen lekukoa. Rikardo Arregi kazetari, idazle eta kultur eragilea omendu zuen lasterketak eta oraingoan, Arregik berak lehen ediziorako prestatua zuen mezua irakurri zuten amaieran. Akelarre taldeak egin zuen edizio honetako kantua. Bestalde, bigarren Korrika ez zen batere lasaia izan. EAJk eta Francisco Javier Ansuategik, garai hartan Nafarroan Gobernu espainolaren ordezkari zenak, egindako mehatxuei aurre egin behar izan zieten antolatzaileek. Jeltzaleek dirulaguntzarik ez emateko deia egin zuten eta Ansuategik azken unera arte ez zuen lasterketa egiteko baimenik eman.
1983: Baiona-Bilbo
«Euskaraz eta kitto!», urteen poderioz oso ezagun egin den leloa aukeratu zuen AEK-k hirugarren ediziorako. Gabriel Aresti idazlea izan zen omendua eta oraingoan ere, neguan antolatu zuten ekimena. San Frantzisko Xabier egunean, abenduaren 3an, abiatu zen Baionatik eta Bilbon bukatu zen bederatzi egun geroago. Aurreko ediziotik bi urte igaro baino lehen ekin zioten lasterketari, baina hortik aurrera urte bakoitietan antolatzen hasi ziren. Xadier Saldiasek gidaturiko Egan taldeak egin zuen urte horretako kantua eta lasterketan zehar aldarrikapenak tarte zabala izan zuen, desargetuak ziren Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren argazkiak ikusi ahal izan ziren kilometro askotan.
1985: Atharratze-Iruñea
Udaberrian finkatu zen behingoz Korrika eta hilabete batzuk lehenago zendutako Piarres Laffite kazetari, idazle eta euskaltzaina izan zen omendua edizio honetan. AEK Ipar Euskal Herrian indartzen ari zen eta aurreko edizioan bezala bertatik abiatu zen lasterketa, baina oraingoan Zuberoako Atharratze herritik. Maiatzaren 31n hasi zen, eta «Herri bat, hizkuntza bat» lemarekin, 2.080 kilometro bete ondoren, Iruñean bukatu zen ekainaren 9an.
1987: Hendaia-Bilbo
Apirilaren 3tik 12ra egin zen bosgarren edizioa Hendaiatik abiatu zen. Izan ere, Seaskak Xalbador ikastola lizeo bilakatzeko proiektua zuen esku artean eta bertako haur batek eraman zuen lehenbiziko lekukoa. «Euskara, zeurea» izan zen leloa eta Balendin Enbeita bertsolaria omendu zuten. Haren seme Jon Enbeitak kantatu zituen Bilbon, amaiera ekitaldian, lekukoak barnean zeramatzan bertsoak. Era berean, 50 urte bete ziren Gernika bonbardatu zutenetik eta Korrika Bizkaiko herri horretara heldu zenean milaka lagunek egin zuten bat ekimenarekin.
1989: Iruñea-Donostia
Korrikak gizartean oso babes zabala lortu arren, zenbait alderdi politikok aurkako jarrera erakutsi zuten. EAJ eta Euskadiko Ezkerra ekimenari dirulaguntzak ematearen aurka agertu ziren eta AEKren erantzuna ondorengo bi leloetan geratu zen islatuta: «Euskara Korrika eta Kitto» eta «Euskal Herriak AEK». Apirilaren 14an abiatu zen Iruñetik Korrika eta hilaren 23an bukatu zen Donostian. Joxe Miel Barandiaran ikertzailea omendua izan zen, ehun urte bete zituen urtean. Ataundarrak ezin izan zuen parte hartu, baina indar nahikoa izan zuen petoa jantzita lasterketa agurtzera bertaratzeko.
1991: Gasteiz-Baiona
«Korrikak euskara, euskaraz Euskal Herria» lelopean martxoaren 15ean Gasteiztik abiatu zen zazpigarren edizioa. Lehen aldiz, Ipar Euskal Herrian amaitu zen Korrika hilaren 24an, eta Jean Haritschelar eta Jean Louis Davantek eraman zuten azken lekukoa. Remigio Mendiburu eskultorea omendu zuen AEK-k, egindako lan artistiko garrantzitsuaz gain, bera izan baitzen Korrikaren lehen lekukoaren egilea.
1993: Iruñea-Bilbo
Martxoaren 26an Iruñetik abiatuta, lekukoak 2.120 kilometro egin zituen, eskuz esku, apirilaren 4an Bilbora iritsi arte. «Denok maite dugu gure herria euskaraz» izan zen lema eta edizio honetako omendu nagusia Martin Ugalde kazetari eta idazlea izan zen urtebete lehenago sortu baitzen berak bultzatutako «Euskaldunon Egunkaria». Ugaldek berak egin zuen azken kilometroa eta hiru hilabete lehenago zendutako Josemi Zumalaberen mezua irakurri zuen.
1995: Donibane Garazi-Gasteiz
Juan Gorritik egindako lekuko berria estreinatu zuen bederatzigarren Korrikak. Donibane Garazitik abiatu zen «Jalgi Hadi euskaraz» lemarekin martxoaren 17an eta Gasteizen bukatu zen bederatzi egun geroago. Mikel Laboa izan zen bertan protagonista. Izan ere, bera omendu nahi izan zuen AEK-k eta horrekin batera haren belaunaldiko kantari guztiek euskara berreskuratzeko bidean izan zuten garrantzia nabarmendu zuten.
1997: Arantzazu-Bilbo
AEKren eta Korrikaren beraren jatorria Euskaltzaindian dagoela ezin da ahaztu eta hamargarren ediziora heltzean, 1970etik 1988ra euskaltzainburu izandako Luis Villasante omendu zuen ekimenak. Horregatik, Arantzazu aukeratu zuten abiapuntu eta lehen edizioak egin zuen ibilbidea errepikatu zuten. Martxoaren 14an irten zen Oñatitik eta hilaren 23an heldu zen Bilbora «Euskal Herria Korrika!» lelopean, eta bertan jai handi batekin eman zioten amaiera ekimenari. Gozategi taldeak egin zuen edizio horretako kantu ezaguna eta Joan Mari Torrealdaik idatzi zituen lekuko barruan zeuden hitzak, Rikardo Arregiren lana ekarriz gogora.
1999: Iruñea-Donostia
«1+1= Hamaika» izan zen Korrikaren leloa hamaikagarren edizioan. Lasterketa 1999ko martxoaren 19an Iruñetik abiatu zen eta hil horren 28an Donostiara iritsi zen. Berrikuntza garrantzitsua izan zuen edizio honek. Hamaikagarrena izanda, omenduak ere hamaika izan ziren eta ez bakarra, ordura arte ohi zenez. Gauzak horrela, hamaika esparrutan euskararen alde egindako lanarengatik hamaika pertsona edota erakunderi eskerrak eman zizkieten. Besteak beste, hizkuntzaren normalizaziorako egindako lanagatik omenduak izan ziren: Pedro Miguel Etxenike zientzialaria, Joxe Ramon Etxebarria unibertsitateko irakaslea, Jose Angel Iribar futbolaria, Maitena Araguas irakaslea, Etxepe enpresa, Mendia optika, Laudioko ikastolaren sortzaile taldea, Argiñe Iturregi irakaslea, Euskalerria irratia, Arantza herria eta Maiatz literatur taldea. Urte honetan, Euskal Herritik kanpo ere beste bi Korrika egin zituzten Bartzelonako Euskal Etxeko kideek eta Londresen ikasten ari ziren hainbat euskaltzalek.
2001: Gasteiz-Baiona
Hamabigarren Korrika AEK eta Euskal Herriaren aldeko lanean ari ziren hainbat pertsonen kontrako jazarpen politiko-judizialarekin batera ailegatu zen. Globalizazioaren garaian «Mundu bat euskarara bildu» izan zen Korrikak zabaldu nahi izan zuen mezua, hizkuntza aniztasunaren aurrean, euskararen aberastasunari eusteko herritar guztion konpromisoa eskatuz. Arrakastatsua izan zen jasotako erantzuna eta erasoen aurrean AEK indartzeko balio izan zuen. Gasteiztik abiatu zen martxoaren 29an Andoni Egañak egindako bertso batzuk zeramatzalarik lekukoaren barruan. Apirilaren 8an heldu zen Baionara eta edizio honetako kantua Fermin Muguruzak egindako abestia izan zen, gerora oso ezaguna egin dena.
2003: Maule-Iruñea
«Euskaldunon Egunkaria»ren kontrako operazio poliziala Korrikaren hamahirugarren edizioa hasi baino bi hilabete lehenago gertatu zen. Horregatik, euskal herritarron eskubideen defentsa izan zen lasterketako protagonista nagusia. Apirilaren 4an Jean Louis Davant idazle eta euskaltzainak jarri zuen martxan Mauletik, «AEKrekin herri bat geroa lantzen» lema hartuta. Egun batzuk lehenago hildako Jose Mari Satrustegi izan zen omendua, bera izan baitzen Korrikaren lehen lekukoa eraman zuen laguna. Aldi berean, «Ez dok amairu» mugimenduak eta bertako partaide izan ez arren hainbat esparru artistikotan aritutakoek jaso zuten omenaldia. Ruper Ordorika eta Mikel Laboak abestu zuten Igor Elortza bertsolariaren hitzetan eta Bingen Mendizabalen musikan oinarritutako kantua. «Herri bat geroa lantzen» lemarekin, beraz, apirilaren 13an heldu zen Korrika Iruñera. Udalak jarritako traba guztiak gainditu ondoren, Martxelo Otamendi «Euskaldunon Egunkaria»ko zuzendariak egin zuen azken kilometroa, espetxetik atera eta gutxira.
2005: Orreaga-Bilbo
«Euskal Herria euskalduntzen; ni ere bai!» leloarekin eskatu nahi izan zien AEK-k euskaraz ez dakitenei euskaldundu daitezela. Martxoaren 10ean Orreagatik abiatu zen ekimena eta «Konpromisoaren Korrika» legez aurkeztu zuten. Ildo horretan, hamalaugarren edizioak euskaldun berriak goraipatu zituen, eta horrez gain, Andolin Eguzkitza zendua omendu zuen. Afrika abeslaria arduratu zen kantua egiteaz eta Bilboko kaleetan milaka euskaltzale bildu ziren lasterketari amaiera «apoteosiko» bat emateko.
2007: Karrantza-Iruñea
«Heldu» izan zen hamabosgarren Korrikaren leloa; herriari, hitzari, elkarlanari, euskarari eta lekukoari oratzeko konpromisoa eskatu zuen. Euskal emakumeak izan ziren omenduak euskara, belaunaldiz belaunaldi gorde eta transmititzeko egindako lanagatik. Karrantza eta Iruñea artean burutu zen, 2007ko martxoaren 22tik apirilaren 1era bitartean, eta mezua Xabier eta Miren Amurizak idatzi eta irakurri zuten. Eguraldi benetan kaxkarrari egin behar izan zioten aurre, egunero egin baitzuen euria, baina kilometro guztiak bete zituzten etenik gabe, Niko Etxartek egindako abestia lagun. Takolo, Pirritx eta Porrotx pailazoek egindako kantua ere behin eta berriz entzun zen korrikaldiaren ibilbide osoan zehar.
izan zituen Korrikaren lehen edizioak eta bederatzi egun iraun zituen Oñatitik abiatu, eta Bilboko kaleetan bukatu zen euskararen aldeko lasterraldiak.