Bloke Lehia
Amaiera bikaina izan du Boulder Liga arrakastatsuak
Andoni ARABAOLAZA
Gasteizen, Arabako hiriburuan, antolatzen den Boulder Ligak beste ekitaldi bati amaiera eman berri dio. Ohi den legez, zirkuitu honek izaera herrikoia izan du. Eta horrekin esan nahi dugu proba ezberdinetan parte hartu nahi izan duten eskalatzaile guztiek izan dutela horretarako aukera.
Boulder Liga 09 edizioak, iaz ez bezala, erabateko kutsu arabarra izan du. Guztira, lau lehia antolatu dira, eta horietako hiru Gasteizen bertan jokatu dira. Laugarrena, berriz, Amurrion.
Aurtengo aldiari dagokionez, oro har esan daiteke beste behin ere arrakastatsua izan dela: proba bakoitzak zale asko erakarri ditu eta eskalatzaile afizionatuen maila gero eta sendoagoa da.
Hegoalde zentroan, azkena
Hilaren 14an izan zuen Boulder Ligak azken hitzordua. Arabako hiriburuko Hegoalde zentroa prest zegoen, eta 36 eskalatzaile aritu ziren. Gogor lehiatu ziren, baina, hori bai, oso giro onean. Gainera, sailkapen nagusia pil-pilean zen, eta horrek lehiakideak motibatu zituen.
Eskalatzaileen lanak ikusita, argi geratu da azken hiru hilabeteotan lehiatzen ikasi dutela. Ion Balda eta Ion Sardiri blokeak prestatzea egokitu zitzaien. 18 urtetik beherakoen mailan, Miriam Mulasek eta Ion Ferrerok irabazi zuten. Herrikoietan, bestalde, Zuriñe Etxeberria eta Iñaki Viejo izan ziren indartsuenak. Eta elite mailan, azkenik, Ana Ruiz eta Jon Beñat Agirre nagusitu ziren.
Lau probetan lortutako puntuak batu ondoren, behin betiko sailkapena argitu zen. 18 urtetik beherakoei dagokienez, nesketan, Nahia Bizcainok irabazi du, Miriam Mulas bigarren izan da eta Miren Otxoa hirugarren. Mutiletan, Ruben Osak lehen postua lortu du; haren atzetik, Ion Ferrero eta Ion Ander Bravo geratu dira.
Herrikoietan, nesketan: lehena Maitane Ariznabarreta, bigarrena Goizane Saez de Olazagoitia eta hirugarrena Maialen Martinez de Marigorta. Eta mutiletan: Ruben Fernandez, Txomin Arantzamendi eta Nicolas Auvray.
Eta elitean, Ana Ruiz eta Iñaki Arantzamendik irabazi dute. Bigarrenak Luisa Mendez eta Mikel Velasco izan dira. Eta hirugarren Aitor Yecora sailkatu da. Nesketan oso lehiakide gutxi izan dira; soilik bi eskalatzailek hartu dute parte.