SARIA Alpinismoa
Urrezko Pioleta Indartua, eraberritua eta mamitsua
Urtebeteko hutsunearen ostean, Estatu frantseseko sari entzutetsuak apirilaren 22tik 25era egingo ditu ekitaldi ofizialak Courmayeur eta Chamonixen. Epaimahaiak, aztertutako 57 jardueretik, 6 hautatu ditu.
Andoni ARABAOLAZA
Estatu frantseseko Piolet d´Or edo Urrezko Pioleta gure artean dugu berriro. Gogora ekar dezagun sona handiko alpinismoko sari honen 17. ekinaldia -hots, iazkoa- bertan behera geratu zela. Arrazoiak, antza, antolatzaileen arteko ika-mikak. Barealdiaren ostean, berriz, indartsu dator Urrezko Pioletaren 18. ekinaldia, eta eraberrituta. Hori adierazi dute, bederen, antolatzaileek, hau da, Groupe de Haute Montagne-k, Niveales argitaletxeak eta «Montagnes» eta «Vertical» aldizkariek. Gainera, aurten «American Alpine Journal»aren laguntza jaso dute.
Beraz, krisia gainditu ondoren, Urrezko Pioleta mamitsu aurkezten zaigu. Antolatzaileek dena eman nahi izan dute, eta, beste edizio batzuetan ez bezala, aurtengoa ekitaldiz josi dute. Bai, guztira lau eguneko egitarau zabala, apirilaren 22tik 25era Courmayeur eta Chamonixen egingo dena.
Sariaren helburuak, bestalde, ez dira aldatu; hori bai, izaniko gorabeherak medio, indartu egin nahi izan dituzte. Hala bada, jarduerak hautatzeko, abentura, esplorazioa, mendiak eskalatzeko artea eta lehiarik eza hartu dituzte kontuan. Jakina, epaimahaiak ez du batere erraza izan lana. Doug Scott (alpinista eta epaimahaiko presidentea), Dario Rodriguez (Desnivel argitaletxearen zuzendaria), Yong ImDuck (kazetari korearra) eta Dodo Kopold, Jim Donini eta Peter Habeler alpinistek 57 hautagaitzetatik sei aukeratu dituzte.
Maila bikaina
Aipatu ditugun sei hautagaitza horietatik 3 japoniarrak dira, bat estatubatuarra, beste bat suitzarra eta azkena frantsesa.
Japoniarren «uholdearekin» hasiko gara. Kazuya Hiraide eta Kei Taniguchi sokada Kamet mendiko (7.756 m, India) hego-mendebal aurpegian zabaldutako bide bati esker hautatu dute. Igo gabe zegoen isurialdea zen, eta bi asteren buruan «Samurai direct» bidea egitea lortu zuten: 1.800 m, M5+, 5+.
Kalanka median (6.931 m, India), berriz, haren ipar aurpegian Fumitaka Ichimura eta Kazuki Amano japoniarrek marra berri bat zabaldu zuten era alpinoan: 1.800 m, M5.
Eta hirugarren hautagaitza japoniarrak Fumitaka Ichimuraren sinadura aurkezten du berriro. Jarduera honetan, Yusuke Sato eta Katsutaka Yokoyamarekin egin zuen lan; hain zuzen ere, «Denalin» (6.194 m, Alaska) kateatze adierazgarria egin zuten: Issis aurpegia eta eslovakiar zuzena lotu zituzten. Guztira, 2.350 metroko jarduera eta 6. gradua Alaskako eskalan.
Sthepane Benoist eta Patrice Glairon Rappaz frantziarrak Nuptseko (7.861 m, Nepal) hego paretan zabaldutako «Are you experienced?» (2.000 m, M5, 90º) bideagatik hautatu dituzte. Beste bi hautagaiei helduz, lehena, Dave Turner estatubatuarra. Cerro Escudoko (2.450 m, Txile) eki isurialdean «Taste the pain» bidea (1.200 m, A4+) bakarka ireki zuen. Azkenik, Ueli Steck eta Simon Anthamatten suitzarrak ditugu. Sokada honek Tengkampocheko (6.500 m, Nepal) ipar aurpegian bide berria ireki zuen era alpinoan. «Chekmate» du izena: 2.000 m, M7,5, 6/AO.
Epaimahaiak 57 hautagaitza aztertu, eta horietatik sei sartu ditu finalean. Hiru jarduera japoniarrek sinatutakoak dira, eta beste hirurek, berriz, hurrenez hurren, estatubatuar, frantziar eta suitzar zigilua daramate.