«Ez nuen txapela irabaztea espero, baina hagitz ongi etorriko zait arlo aunitzetan»
Nafarroako Bertsolari txapelduna
Sei txapel irabazi ditu, baina berak ez dauka bat bera ere ez. Amaren etxean amari eskaini ziona dago. Gainontzekoak, bakoitza eskaintzaren arabera banatua. Larunbatekoa, seigarrena, jendartera bota zuen, «txapeldunak denak izan ginelako». Zorion mezu asko jaso ditu larunbataz geroztik, politenak, gozoenak, kontatu ezin diren horietakoak. Txapelik gabeko txapeldun handia da.
Amagoia MUJIKA | DONOSTIA
Pozik, oso pozik dago Xabier Silveira. Berak ere ez zuen uste hain pozik egongo zenik. Txapela, bere seigarrena, ez daki non dagoen. Denbora gutxi izan zuen buru gainean eta segituan bota zuen jendartera. Gogoak eman ziolako eta askotan pentsatu izan duelako hori egitea. Ez du txapelik behar, txapelik gabeko txapelduna da. Txapela irribarrean marraztuta geratu zaio denboraldi baterako.
Finala hasterako zure buruari sinetsarazia zenion ez zela hain garrantzitsua irabaztea. Baina azkar konturatu zinen zein gustukoa duzun txapeldun izatea.
Aurretik erran nuen bezala, txapela burutik kendua nuen, ahaztua bezala. Txapelarekiko erakarpena edo obsesioa gainetik kentzea lortu banu bezala. Baina, txapeldun nintzela erran zutenean, izugarri pozik jarri nintzen eta konturatu nintzen izugarri gustatzen zaidala sentsazio hori.
Txapelduna, final on bat josi ondoren.
Egia erran, saioaren amaieran bertsozale batzuek erran zidaten aspaldian entzun didatenik eta saio onena izan zela. Edozein ostiraletan edozein bertso afaritan atzo bezala kantatzen dut, baina horrek ez du esan nahi gero oholtza handi horietan egin daitekeenik. Finalean nire lan erdia nahiko maila altuan egin nuen eta hori aurrerapauso handia da niretzat. Txapelketa hauetan aldaketak oso bortitzak izaten dira eta bertsolari guztiek izaten ditugu gorabeherak. Eta, nik, nire izaeragatik edo, gorabehera gehiago izaten ditut.
Asko gozatu zenuen.
Ez da berdina pilotaleku bat edo Lur bezalako areto bat. Nire hurbileko publikoa da eta sortzen den giroa ere oso gertukoa. Buruz burukoa hasi zenean eta bertsoen aurretik ere txaloak jotzen zituztenean, une batean bertso afari batean bezala sentitu nintzen. Eta uste dut Juliori ere berdina gertatu zitzaiola eta ahaztu egin zela finalarekin. Duela hamar urte inguru niri Lesakako final batean antzekoa gertatu zitzaidan. Elizagoien eta biok iritsi ginen amaierara eta nik pentsatu nuen finala dagoeneko bukatu zela. Eta Elizagoienek egurra eman zidan. Juliori antzekoa gertatu zitzaion eta akaso horregatik egin zuen poto. Giroak irentsi egin zuen. Ni ere irentsi ninduen, baina kartzelakoa parean etorri zitzaidan.
Eta seigarren txapela.
Aspaldiko ezagunak gara. 21 urte nituela irabazi nuen lehenengoz eta orain, 32 urte ditut. Bertsotan jendaurrean 18 urte daramatzat eta ospatzea pentsatzen nuen, gauza batzuk egitea horren harira. Uste dut ospakizun horiek oso hasiera polita izan dutela.
18 urtean, zer uste duzu eman diozula bertsolaritzari?
Ez dakit ondo dagoen hori nik erratea. Lehen bertsolaritza urrutiko zerbait bezala ikusten zen lekuetan nahiko bertakotzen lagundu dudala uste dut. Eta bertsolaritza gazteago bat bultzatzen eta aintzat hartua izan dadin laguntzen saiatu naiz. Alfonbra gorriko bertsolaritza modan egon da, hobetsia izan da eta beste bertso modu guztiak baztertuak edo izan dira. Mila esparru daude bertsotan egiteko eta bakoitzak berean jarduten du hoberen, bakoitzak bere habitat naturalean.
Eta zuri zer eman dizu bertsoak?
Bizi bat, eta ez da gutxi. Bertsoen inguruan bizi naiz, bertsotan. Hitz gutxi diren arren, bizi oso bat asko da, eta niri hori dena eman dit. Seguru asko, beste biziren bat kenduko zidan hau emateko, baina bestea ezagutzen ez dudanez, ez dut drama handirik.
«Txapela galduz gero ez da ezer pasatzen, baina, irabaziz gero, asko pasatzen da». Gogoeta horixe egin zenuen Elizondon.
Batzuek diote Nafarroako finalik onena izan zela. Maila gora joan ahala, nire maila ere gora doala ikusteak aurrera egiteko indarra eta konfiantza ematen dizkit. Egin nahi ditudan gauzak egiten jarraitzeko bultzada da. Ez nuen horrenbeste espero, baina hagitz ongi etorriko zait arlo aunitzetan.
Euskal Herriko txapelketako arantza kendu nahi duzula ere esan duzu.
Bertso txapelketa batetik etxera negarrez behin baino gehiagotan joan naiz, baina azkeneko aldia duela lau urteko txapelketa nagusia izan zen. Duela zortzi urtekoan nahiko postu ona lortu nuen eta duela lau urtekoan, oso gaizki egin nuen. Hogei urte neuzkanean baino lan hobea egin dezakedala uste dut orain eta aukera hori prestatzen hasi beharko dut berriro negarrez etxera ez itzultzeko.
Azkenean, txapela jendartera.
Azken hilabetean aukera hori burutik pasa izan zait. Beroaldi horretan, egokia iruditu zitzaidan eta horrelaxe egin nuen. Gauza dezente zeuden mezu horretan, baina, oinarrian, txapeldunak denak izan ginela erran nahi nuen.