Koloreetako lehen liburu elektronikoa kaleratu du Fujitsuk
Japoniako Fujitsu etxea liburu elektronikoen munduan beste aurrerapauso bat ematen lehena izan da. Flepia izeneko tresnaren bidez, koloreetan ikus daitezke testu nahiz irudiak. Gainera, berrogei orduko irakurketa etengabea bermatuta dago, bateria %100ean izanez gero.
GARA | TOKYO
Gero eta arrakasta gehiago duten liburu elektronikoetan, orain arte zuri-beltza zen nagusi. Joan den astetik, ordea, giza begiak ikusten dituen moduko irudiez gozatzea errealitate bihurtu da Fujitsu etxeak merkaturatu duen Flepia tresnari esker.
2007an berrikuntza hori iragarri zutenetik urtebete baino gehiago igaro bada ere, liburu elektronikoen jarraitzaileei ez die hutsik egingo.
Flepiak zortzi hazbeteko pantaila eta 1024 x 768 pixeleko bereizmena du eta guztira 260.000 kolore izpirekin joka dezake. Pantaila da, hain zuzen ere, berezi egiten duena, ukimenezkoa baita. Konektibitateari dagokionez, berriz, WIFIarekin edota Bluetooth-arekin modu egokian uztartzen da. Hala ere, 4GBko barne memoria ere badu; Fujitsuko ordezkarien esanetan, 300 orrialdeko 5.000 lan izateko moduko edukiera.
Liburu elektronikoak e-mailak irakurtzeko baliagarri ere badira, baita hainbat dokumenturen gainean lan egiteko ere. Orain gutxi, adibidez, lan inprimatuen ordezkoak Japoniako hainbat jatetxetan probatu zituzten, bezeroek menuaren edota egunkarietako albisteen berri izan zezaten. Fujitsuk, halere, egunkari talde handiekin inongo akordiorik ez duela egin baieztatu nahi izan zuen.
Japoniako egunkari nagusiek («Yomiuri», «Asahi», «Mainichi», «Nikkei» eta «Tokio Shimbun»), nahiz eta salmenten jaitsiera nabaritu dutela aitortu, egunero 4 eta 11 milioi ale saltzen dituzte. Beraz, etxeko apaletan pilatzen diren liburuen ordezkoak, horiek eta egunkari inprimatuak alboratuko dituzten ikusteko dago oraindik.
Flepia bi formatutan dago salgai: A4an eta A5ean. Gailu horien salneurria ia 800 eurokoa da. Pasa den astean jarri zituzten salgai, eta oraingoz Japonian bakarrik eskuratu daiteke.