GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Berezkoak

Ezkurra: «Nik Waltariren aurka ez daukat deus ere»

Atzelari lapurtarrari sendagileek ez diote pilotan berriro arituko denik segurtatzen, baietz uste duten arren.

Jon LEUNDA | BAIONA

Paxkal Ezkurra etxean da. Buruz Buruko finalean izan zuen kolpearen ostean, osatzeko lanari ekin dio jadanik, eta atzoko eguna komunikabideekin hitz egiteko aprobetxatu zuen.

Gutxienez sei hilabete beharko ditu berriro pilota ukitzeko, baina sendagileek ez diote berriro pilotan arituko denik segurtatu.«Uste dute berriro pilotan aritzeko moduan izango naizela, baina ezin dute segurtatu. Ni horretan saiatuko naiz, badakit lan luzea eta gogorra izango dela, baina ez dut etsiko», esan zuen atzo Paxkalek. Beste kontu bat ere utzi nahi izan zuen garbi: «Nik ez dut Waltariren aurka deus ere, ezta gutxiago ere. Egin nuena nik bakarrik egin nuen, eta berak ez dauka ezeren errurik», esan zuen.

Finalean 20-2 galtzen ari zela, berak bigarren tantoa egin zuenean, kristalezko ateari eman zion kolpea, eta eskuko bi tendoi eta arteria bat urratu zituen. Bera normalean ez da horrelakoa, eta zer gertatu ote zitzaion galdetuta, zera esan zuen: «Une zaila zen. 20-2 galtzen, ia ez nuen pilotarik ukitu ere egin, erridikulua egiten ari ote nintzen sentsazioarekin nenbilen, eta bigarren tantoa egin nuenean, kanpora joan nahi nuen, haize apur bat hartzeko, eta ate parean kolpea eman nion. Ez zen horrenbestekoa izan, baina kristala apurtu zen, eta begira nolako aberia egin dudan».

Une larriak bizi izan zituela onartu zuen: «Ia bizia galdu nuen. Odol asko galdu nuen, eta eskerrak han sendagileak zeudela, bestela, akabo», erantsi zuen.

Waltarirekin hitz egin duela, eta ez dagoela inongo arazorik esan zuen berriro ere: «Asteartean etorri zen niri bisita egitera. Goxoki aritu ginen hizketan, eta gure artean ez dago inongo arazorik», esan zuen. Zale batzuek ez dute bere jokabidea ulertu, eta beraiei zera esaten die urruñarrak: «Istripu bat izan zen. Une larria ari nintzen pasatzen, eta ukabilkada bat eman nion ateari, eta ondorioa hau izan da, inork pentsatuko ez zuena. Nire ondoan jende asko dago, nire familia beti nirekin dago, nire lagunak ere bai, eta denek ulertzen dute gertatutakoa, baita pilotariek ere. Beraz, ulertu nahi duenak ulertuko du, eta ulertu nahi ez duenak, ez. Batzuek beti kritikatu izan naute, eta haiek agian ez dute ulertuko, baina nik nirekin egingo dut aitzinera», esan zuen atzelari lapurtarrak.

Azkenik, beragatik arduratu diren guztiei eskerrak eman nahi izan zizkien: «Nire familia guztiari, beti babestu nau-eta, lagunei, nitaz arduratu diren guztiei, eskerrak. Asko izan dira bisitan etorri direnak, telefonoz deitu didatenak, guztiei eskerrak eman nahi dizkiet, eta saiatuko naiz aitzinera egiten», aitortu zuen Paxkalek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo