Aberri Egunean ikurrina balkoi guztietan jartzeko deia egin dute
Datorren apirilaren 12an, Aberri Egunean, Irun eta Hendaia elkartuko dituen martxa nazionalean parte hartzera deitu du Bai Euskal Herriari ekimenak ere. Are gehiago, euskal herritarrei dei berezia egin zien atzo Aberri Egunaren karietara: balkoi guztietan ikurrina jartzera deitu baitzituen. Hurrengo egunean Atarrabiako ikurrina kentzeko agindua dagoela ere salatu zuen.
GARA |
Bai Euskal Herriari herri ekimenak mezu garbia helarazi nahi izan zien atzo euskal herritar guztiei, Aberri Egunaren karietara Donostian eman zuen prentsaurrekoan: Aberri Egunean, apirilaren 12an, etxeetako balkoi, leiho, txoko eta mendi kasko guztietan «Aberri Egunari ongietorria emateko ikurrinak jartzea, eta apirilaren 12an izango den olatu erraldoi horrekin bat egitea». Era berean, «Nazio bat gara, zazpiak bat, burujabetza» lelopean Irun eta Hendaia elkartuko dituen martxarekin bat egin eta bertan parte hartzeko deia egin zuten.
Bai Euskal Herriari ekimeneko Mikel Luloagak, Erruki Ezkurrak, Naroa Gerestak eta Iker Dorronsorok hitza hartu zuten atzo Donostian, «Geurea delako, ikurrina balkoira» leloa eta euskal ikur nagusia balkoi batean azaltzen zituen ploter bat atzean zutela. «Euskal Herrian dugun ukazio egoera medio, jaia eta aldarrikapena uztartuko dira Aberri Eguneko deialdi bateratuan», azaldu zuten Hendaia eta Irun batuko dituen mobilizazio nazionalean parte hartzeko deia eginez.
Bai Euskal Herriari ekimenaren ordezkarien iritziz, egun, «sasi-demokrazia baten izenean gure herria eta herritarron eskubideak zapalduak, urratuak eta bortxatuak izaten ari diren honetan», batasunerako inoiz baino arrazoi gehiago dago. «Zailtasun guzti hauek gainditzeko gai gara», gaineratu zuten, eta «Euskal Herriaren aldaketa politikoa burujabetzarantz emateko prest diren indar guztiak» batzeko eta aurrera egiteko garaia dela.
Atarrabian ikurrina «gaizkile»
Aberri Egunean balkoietan ikurrina jartzearen garrantzia nabarmendu zuten, are gehiago, euskal ikurrak azkenaldian jaso dituen erasoak kontua hartuta.
«Ikurrina diogunean ez dugu ahazten herri honetan badirela geureak ditugun beste hainbat ikur, baina azkenaldi honetan ikurrina da batez ere Estatu espainolaren aldetik jazarpen itogarria jasaten ari den nazio ikurra», azaldu zuten.
Hala, Hego Euskal Herriko instituzio nagusietan bandera espainola inposatu dutela gogora ekarriz, Aberri Egunaren biharamunean, apirilaren 3an, Auzitegi espainol baten agindua dela medio, Atarrabiako udal eraikinaren kanpoaldean dagoen ikurrina kendu egingo dutela salatu zuten. Alkatetza Nafarroa Bai-k (NaBai) izanik, alderdi horretako alkateak ikurrina kenduko duela gaitzetsi zuten gogor Bai Euskal Herriari ekimeneko ordezkariek.
«Nafarroako Parlamentua eratu zeneko hogeita hamargarren urteurrena betetzen den egunean beste pauso bat emango dute euskal nortasuna ezabatze aldera», gaineratu zuten.
Euskal Herria euskaldun eta askea eraikitzeko bidean, herritar bakoitzak zereginik baduela esanez amaitu zuten agerraldia, Aberri Egunean ikurrina balkoietan jartzeko deia berretsiz. «Izan zirelako gara... eta garelako izanen dira! Gure herriaren etorkizuna guztion eskuetan dago», gaineratu zuten azkenik.
Apirilaren 3an, Aberri Eguna ospatu eta biharamunean, Atarrabian ikurrina kenduko dute, baina apirilaren 4a beste urteurren baten eguna izango dela azaldu zuen Bai Euskal Herriari ekimenak: «Espainiar auzitegi baten aginduz EAJk Bilboko udaletxean bandera espainola» ezarri zueneko lehen urteurrena izango da.
«`Euskadi' izenarekin egin zuten bezala, orain ikurrina bera espainiar autonomia erkidego bateko ikur bilakatu nahi dute. Horregatik erabiltzen du orain Patxi Lopezek bere agerraldi guztietan. Mamiz hustu nahi dute euskal nazioaren sinbolo nagusia!», salatu zuen gogor Bai Euskal Herriari herri ekimenak, Aberri Egunean txoko guztiak euskal ikurrez josteko deia berriz eginez, eta hala, ikurrinaren defentsa eginez. GARA