GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Beste guztien lakoxea

«Alabak esan dit autoa behar duela unibertsitatera joateko». «Ba, gurea ez diogu utziko». «Ez. Nik uste dut autobusez ondo moldatu ahal dela, baina lagunek badaukatela esan dit eta, bueno, dirua badaukagu- eta, zergatik ez diogu erosiko autotxo bat?

Alabak esan dit eskuko telefono bat behar duela». «Bueno, ez dut uste beharko duenik, oso txikia da, zortzi urte besterik ez dauka». «Bai, baina klaseko askok badaukate». «Hori egia da, lehengo egunean Peioren aitak esan zidan umeentzako telefono berezi bat erosi diotela, badakizu, badaezpada, gurasoen numeroak bertan edukitzeko, parkera bakarrik irteten hasi direnez...». «Ez nuke nahi horrelakorik ez daukan bakarra gure alaba izatea. Datorren urtean, denek daukatela, gureak ez baldin badauka ... Oso latza da txikitatik diferente sentitzea». «Bueno, bihar bertan galdetuko dut dendan ea horrelakorik badaukaten».

«Alabak esan dit depilazioa egin nahi duela». «Depilazioa? Baina, ilerik badauka, ala?». «Bueno, badakizu, oraintxe hasi zaizkio, bibotetxoa, hanketan... Baina ez dakit depilatu behar duen. Lehengo egunean entzun nuen batzuetan txarra izaten dela, laserrarekin kontrako efektua ere sortu ahal dela». «Bai, beharbada ondo informatu beharko gara... Baina, azken batean, hamahiru urterekin, badakizu, lagunekin hortik irteten hasten dira, mutikoak gustatzen zaizkie, hasten dira andre moduan janzten». «Bai, a zer itxura minigonarekin eta ilez beteta, edo mutil bati musua eman eta bibotea edukitzea edo bikiniarekin... eta, gainera, behin depilatzen hasita, hobeto betiko kentzen baditu, bestela...».

«Alabak esan dit autoa behar duela, orain unibertsitatera joateko erosoago eta arinago egingo dituela bidaiak». «Ba, gurea ez diogu utziko». «Ez. Nik uste dut autobusez ondo moldatu ahal dela, baina lagunek badaukatela esan dit eta, bueno, dirua badaukagu-eta, zergatik ez diogu erosiko autotxo bat? Bigarren eskukoren bat edo». «Ez dakit, ba. Bigarren eskukoa? Behin erosita, hobe auto dezente bat, ez oso handia, baina bai ganorazkoa. Nora eroango ditu lagunak `kafetera' batean? Zer pentsatuko dute besteek?». «Beharbada arrazoia daukazu».

«Alabak esan dit ezkondu nahi duela». «Ezkondu?». «Bai, eta gainera elizatik. Ez dut ulertzen, esan diot ez dagoela bataiatuta eta komuniorik ere ez duela egin» «Seguruenik oraintxe hasi dira lagun guztiak ezkontzen. Badakizu horrelako gauzak `kutsatu' egiten direla. Gainera, normala da, opariak eta dirua nahi izango dituzte eta elizatik argi dago askoz eleganteagoa dela dena: arropak, lekua...». «Bai, ez da bera jai barik geratuko den bakarra izango, ezta?».

«Alabak esan dit ea ume biak zaindu ahal ditugun astelehen, eguazten eta barikuetan, arratsaldez, bera eta gizona gimnasioan apuntatu direla, bederatziak arte». «Bueno, suposatzen dut eskolara joan ahal garela bila eta gero paseotxo bat eman parketik». «Bai, aitita-amama asko egoten dira bertan».

«Alabak esan dit gure etxea agian lar handia dela eta txikiago batean hobeto moldatuko ginatekeela». «Arrazoia dauka, beharbada». «Bai, gainera dio etxe honen truke ateratzen dugunarekin udak pasatzeko beste etxetxo bat erosi ahal izango dutela, umeak artean txikiak direla, eta oso ondo etorriko zaiela». «Ideia txarra denik ez dut esango. Haien lagunek etxetxoa erosi dute kostaldean... hala ere, ez al zaizu arraroa egiten zerbait?». «Bai, baina orain ez diogu esango besteen lakoxea ezin duenik izan».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo