Xiru jaialdiak 20. urteurrena ospatuko du, Nestor Basterretxearen eskultura bat lagun
Idoia ERASO | BAIONA
Xirularen mundua Xiberoara hurbiltzen duen Xiru jaialdia apirilaren 3tik 5era ospatuko da Gotaine-Iribarnen. Hogeigarren urteurrena ospatuko du aurten «hertsia bezain zabala den barneko begiaren indarrarekin begiratzera bultzatzen duen jaialdiak», Mixel Etxekopar ekitaldiko sortzaile eta antolatzaileak azaldu zuen eran. Urtero legez jaialdiak bere aztarna utziko du herriko lorategian: eskultura bat, hain zuzen ere. Aurtengo ekitaldiko oroitarria Nestor Basterretxearen «Euskamerika» lana izango, Ameriketara lan bila joan ziren euskal herritarrak gogoan hartzen dituena. Lan horren aurkezpena larunbatean egingo da musikaz lagunduta.
Hiru egunez iraungo du jaialdiak eta era askotako ikuskizun eta jarduera prestatu dituzte antolatzaileek. Apirilaren 3an dantza izango da nagusi, izan ere, «Lürraldea dantzan» ikuskizuna izango da, dantzaren bidez 1802an ijitoen kontra egin zen sarekada irudikatzen duena. Mizel Thereten «Dorrea» koreografia ere eskainiko da Gotainen. Larunbatean, musikak hartuko du gidaritza, «Lürra kanta» ikusgarriarekin.
Egun berezia izango da apirilaren 4a, Xiru jaialdiari «Zorionak» kantatuko diote antolatzaile zein ikusleek, «Suak» taldearen eskutik. Igandea besta eguna izendatu dute antolatzaileek, baina Mixel Etxekoparek argi adierazi bezala, «bestak ez luke zentzurik poesiarik gabe» eta ekitaldi guztiak osagarri berri batez hornitu dituzte. Goizeko pilota partidak, esate baterako, sei partaide izango ditu, lau pilotariekin batera bi pailazo ere izango direlako. Horiez gain, margoak, antzerkia, herri bazkaria (etxetik ekar daitekeena), musikaldia eta dantzaldia izango dira.