Gaur ezagutuko da EHLGren aurkako epaiketaren deliberoa
A. M. |
Urtarrilaren 29an Euskal Herriko Laborantza Ganberaren (EHLG) eta haren lehendakari Mixel Berhokoirigoinen aurka izandako epaiketaren deliberoa gaur ezagutaraziko du Baionako Auzitegiak.
Pirinio Atlantikoetako Laborantza Ganbera ofiziala «ordezkatzeko» helburua izatea eta nekazaritzaren arloko bi egituren artean -EHLG elkartea eta Paueko Ganbera- «nahasmendua» sortzea egotzita, prefetak 2005eko ekainean aurkeztutako salaketak abiatu zuen prozedura.
Geroztik prefetak aldatu badira ere, salaketak bere bidea egin zuen. Hiru urte eta erdiren buruan epaiketa izan zen. EHLGren «xede, eginbide, antolaketa eta izenak» legea urratzen zutela-eta, elkartea desegitea eta lehendakariarentzat urtebeterainoko espetxe zigorra eta 15.000 eurorainoko isuna arriskatzen zuten.
Sona handiko epaiketa
Oihartzun handiko epaiketa izan zen. Asteak lehenago esparru askotariko elkartasun adierazpen ugari jaso zituen EHLGk. Sostenguen artean nabarmentzekoak dira, besteak beste, ia 1.000 tokiko hautetsiena, PS, PC, Berdeak, Modem, eta UCren diputatuena, ingurumenaren alde diharduten hainbat elkarte eta erakundeena, Giza-Eskubideen Ligarena edota Via Campesinarena.
Fiskaltzak, mintzaldi luze baten ondoren, EHLGren lana goretsi zuen eta Ipar Euskal Herriko laborantzaren ezaugarriei begira Paueko Ganberak dituen hutsuneak ere aipatu zituen. Haren eskaera nahiko bitxia izan zen: elkartea errudun jotzea, baina epaia hilabete batzuk atzeratzea, EHLGk lege barruan, adibidez izena aldatuz, egokitzeko denbora izan zezan.
Paueko Laborantza Ganberak elkartea legez kanpokoa aitortzea eta euro sinboliko bat exijitu zion bitartean, EHLGren defentsak errugabe jotzea eskatu zuen.
Epaiketa egunean bezala, gaurkoan ere, 13.30etik goiti Auzitegira jende ugari bertaratuko dela espero dute EHLGko Lagunen elkarteak.