GARA > Idatzia > Kirolak > Real Sociedad

Zorigaitzak ez du etenik beasaindarrarentzat

Ezker orkatilak sendatuta zirudienean eskuin belauna bihurritu du Elustondok

p034_f02.jpg

GARA | DONOSTIA

Badirudi Gorka Elustondoren zorigaitzak ez duela etenik eta, irailetik jokatzerik utzi ez dion ezker orkatilak sendatuta zirudienean, eskuin belaunean zaintiratua izan zuen atzo beasaindarrak entrenamenduan taldekide bat gainera erortzearen ondorioz.

Huts egindako hainbat saiakeraren ostean, astelehen honetan hasi zen erdilaria gainontzeko taldekideekin normaltasunez entrenatzen eta horrenbeste borrokatu eta gero, astebete ere ez du burutzerik izan beasaindarrak. Aurreko lesioa gertatu zenetik sei hilabete beteko dira larunbatean eta badirudi aurtengo denboraldia amaitu dela berarentzat.

Taldeko medikuek egindako behaketaren arabera, «bigarren graduko bihurdura duela esan daiteke barne-alboko lotailuaren haustura partzialarekin». Hurrengo egunetan egingo zaizkio lesioaren behin betiko balorazio eta pronostikoak, baina itxura denez, zauriak ez dauka batere itxura onik eta datorren denboraldira arte harmailetan eserita ikusi beharko ditu ziur asko taldekideen lanak, horren ondo ezagutzen duen Zubietako gimnasioan beste ordu mordoa eman eta gero.

Prieto osatu da

Txanponaren beste aldean, Xabi Prieto normaltasun osoz entrenatu ahal izan zen atzo, asteartean izandako bizkarreko arazoak desagertu eta gero. Taldearen egoeraren eta igotzeko aukeren inguruan galdetuta, «ezer egin dugula uste badugu hilik gaude», adierazi zuen erdilari donostiarrak Zubietan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo