Sokatira Euskal Herrikoa
Abadiñok oraindik ere bere esku dauka txapela
Bizkaitarrak 560 kiloko sailkapen nagusiko lehen postuan daude, Amaiurri puntu bateko aldea aterata. Gaur beraiek irabaziz gero, garaipena lortuko lukete; osterantzean, aurkarien emaitzak ikusi beharko dira.
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Goma gaineko denboraldia amaitzear da. Gaur, 17.00etatik aurrera, jokatuko da Elizondon Euskal Herriko Txapelketako azken jardunaldia. Azken saio honetara txapela zeinek jantziko duen erabaki gabe heldu dira taldeak.
Abadiño, Amaiur, Berriozar, Ñapurrak eta Baiona lehiatuko dira. Gainerako pisu guztietan Abadiñok eraman du garaipena, eta 560 kilokoan ere horrela izatea espero da. Dena dela, azkeneko jardunaldia ia dena erabakita jokatuko zela uste zen, baina aurreko ekinaldian, hiru talde berdinduta geratu ziren, eta hiruren artean jokatuko da txapela.
Ongien Abadiñok dauka. Lehen postuan daude, eta puntu bateko aldea du Amaiurrekin, eta bi, berriz, Berriozarrekin. Bizkaitarrek falta zaien garaipena lortzeko, gaurkoan lehen postua eskuratzea nahikoa dute, horrekin txapela ziurtatuta baitute. Beste emaitza guztiekin, aurkari zuzenen emaitzak ikusi beharko lirateke.
Amaiurrek irabazteko, gaurko saioa bereganatu eta Abadiño hirugarren geratu beharko litzateke. Horrela, garaipena seguru izango lukete. Beraiek irabazi, eta Abadiño bigarren geratuko balitz, berdinketa izango litzateke, eta kitarakoa jokatu beharko lukete eta irabazi, jakina.
Berriozarrek txapela lortzeko, berriz, askoz ere korapilo handiagoa izan beharko luke, aurreko biak baititu aurretik. Dena den hauek ere badituzte beren aukerak, nahiz eta horiek guztiak betetzea ez den erraza izango. Sailkapena betetzeko falta diren beste bi postuak garbi daudela dirudi. Ñapurrak izan da orain arteko saio guztietan laugarren, eta Baiona, berriz, beti azkena geratu da. Ez dirudi gaurkoan ere bi talde horien artean aparteko aldaketarik izango denik.