GARA > Idatzia > Iritzia > Gaurkoa

Mikel Irastortza Nazio Eztabaida Guneko kidea

Burujabetzaren aldeko estrategiaz

Euskal Herria herri bizia da eta horren erakusgarri dira azken hamarkadetako proiektu, lan eta mobilizazioak, Mikel Irastortzak dioenez. Hala ere, herri honek ez du burujabe izateko eta nahi duen moduan egituratzeko ahalmenik. Izan ere, ahalmen hori ez orain ez inoiz ere garatu ez dadin, estatuek tresna nagusi bat dute: indarrean dagoen marko politikoa eta haren inposizioa, askatasun bidea ixten duena. Hartara, bide hori irekitzeko giltza nagusia indar metaketa da, autorearen ustez, nazio estrategia egituratzeko unea omen da-eta.

Azken hamarkadetan Euskal Herriaren alde egindako lanak, sustaturiko proiektuak, lorturiko indar metaketak, herritarren mobilizazio ugariak... herri bizi baten erakusgarri dira. Herri bizi eta gogotsu batenak. Nazio libre gisa bizi nahi duen herri baten gogoa adierazten dutenak. Hor koka ditzakegu euskararen normalizazioaren alde nazio, herri eta auzoetako euskalduntze planak, dinamikak eta indar horren guztiaren metaketarako Kontseiluaren sorrera; hezkuntza sistema nazionala eratu ahal izateko ematen ari diren urratsak, Euskal Curriculuma edo Euskal Unibertsitatearen proiektu estrategikoak, esaterako; euskal herritarrak garela baieztatu eta munduaren aurrean gure naziotasuna adierazteko EHNAren gisako tresnen sorrera eta erabilpena; emakumeek jasaten duten eskubide urraketa sistematikoaren aurrean Euskal Herriko Emakumeen Karta bezalako erreferentzia garrantzitsuen loratzea; euskal laborantzaren beharrei uko egiten dieten administrazioen aurrean Euskal Herriko Laborantza Ganberaren sorrera; .eus domeinua dinamikaren abiatzea; Udalbiltzaren sorrera, Euskal Herriko ehunka udal hautetsik gure historia hurbilean osaturiko lehen instituzio nazionala... Hauek eta artikulu honek eskaintzen duen lekua betetzea ezinezko egiten duten beste hamaika egitasmo eta dinamika Euskal Herria nazio gisa hezurmamitzeko ikusmiran kokatzen dira.

Izan ere, Estatu frantziarrak eta espainiarrak bortizki zapaltzen gaituzte.

Euskal Herriak, globalizazio eta uniformizazio testuinguru zail honetan, nazio gisa biziraun eta garatzeko ahalmen politiko, instituzional, ekonomiko eta kultural askirik ez du. Euskal Herriak, herri bizi eta gogotsua izanik ere, bere buruaren jabe izateko eta nahi duen gisan egituratzeko ahalmenik ez du oraino. Eta ahalmen horri ateak ixtea da Estatuen xede nagusietako bat. Horretarako, indarrean den marko politikoa dute lanabes nagusia. Estatuen proiektua iraunarazi eta ahal bada betikotzeko lanabesa, hain zuzen ere. Eta Euskal Herrian aipatzen ari garen ahalegin eta dinamika horiek guztiek, modu batez edo bestez horma berarekin egiten dute topo: estatuek ezarritako joko arau horiekin. Euskararen zapalkuntza bideratzeko legediak eta hizkuntza politikak; hezkuntza sistemen ezarpena; euskal herritar gisa bizi ahal izateko galarazpena; laborantza propioa antolatzeko ukapena; instituzio nazionalak eraikitzeko oztopoak; erabakitzeko eskubidea alor orotan gauzatzeko trabak... Eta hau guztia gutxi balitz, marko politikoa arriskuan jar dezaketen urratsak, eragileak edo tresnak indargabetzeko erasoak ere ugariak izaten ari dira. Ahalmen osoa euren esku dagoela berresteko. Ahalmen hori gal ez dezaten. Ahalmen hori geure esku gera ez dadin. Euskal Herriak aurrera egin ez dezan.

Euskal Herriaren errealitatea bestelakoa da, ordea. Zapalkuntza egoera gordinean nazio gisa ditugun zailtasunak handiak izanik ere, hemen gaude, bizi-bizirik. Nazio bat gara eta nazio librea izan nahi dugu, zatiketen gainetik. Gure tresnak eta gure ahalmenak nahi ditugu. Eskubide hori dugu. Izan nahi dugu. Bagara eta indarra badugu.

Urte andana igaro da Lizarra-Garaziko Hitzarmena sinatu zenetik. Une garrantzitsu horrek zerbait eman zuen aditzera: egungo marko politikoa gainditu eta Euskal Herrian egin beharreko bidean dagoela dagozkigun eskubideak eskuratu ahal izateko giltzarria. Burujabetzaren alde gauden indarren metaketan eta artikulazioan dagoela geure buruaren jabe izateko beharrezko ditugun aldaketak lortzeko gako nagusietako bat. Neurri handi batean une horrek bizi dugun aro politikoa ezaugarritu zuen eta urteotan, gorabehera guztiak presente izanik ere, Euskal Herrian aldaketa politiko sakonak gauzatzeko bide berri bat ireki zuen.

Orain hor gaude. Aro horretan, aldaketa sakonen garaian. Asko dira burujabetzaren aldeko poloa edo independentziaren aldeko estrategia baten beharra lau haizetara zabaltzen ari diren eragileak eta pertsonak. Ez dira kasualitatez datozen ahotsak. Euskal Herriak duen behar baten seinaleak dira.

Bitartean, Estatuak Euskal Herriaren onarpenean oinarrituriko aldaketa saihesteko egiten ari diren ahaleginak sakonak dira oso. Asimilazio aro berri batean sartu nahi dute Euskal Herria, autodeterminazio eskubidea gauzatzeko zabalik ditugun aukerak indargabetzeko. Denborak aurrera egiten du eta aukera horiek behar bezala profitatzea dagokigu. Burujabetzarantz eramango gaituzten aldaketa politiko sakonen alde gaudenok ezin gara ados ez gauden gauzetan zangopilatzen jarraitu. Orain arte hainbat adostasun lortzeko gai izan gara eta eremu edo sektore ezberdinetan indarren metaketan oinarrituriko dinamiketan elkarrekin jarraitzen dugu. Baina Euskal Herrian azken urteetan sortu ditugun aukerak aintzat harturik, adostasunean eta indarren metaketan jauzi kualitatibo bat eman behar dugu. Herri gisa pentsatu eta aritzera igaroz, herri honetan aldaketaren alde dagoen indar eta dinamika oro norabide berean bilduz. Sakabanaketatik metaketara igarotzeko garaian gaude. Hori da sektore guztietako eragile sozialek, sindikatuek eta alderdi politikoek dugun erantzukizuna. Eta horixe da jendarte abertzaleak, euskaltzaleek, langileriak eta egungo ereduarekin ados ez daudenek eskatzen dutena.

Nazioaren beharren eta interesen ikuspuntutik, Euskal Herria burujabetzara eramango duen estrategia nazional eragingarria eratzeko unea da. Euskal Herriaren burujabetza lortzeko urrats estrukturalak ematea ahalbidetuko duen estrategia zabala antolatzekoa, alegia. Gure nazioak bere osotasunean behar dituen tresna eta baliabide politiko, instituzional, ekonomiko eta kulturalez hausnartu, adostu, bultzatu eta egingarri bilakatzeko gai izan behar duen estrategia eratzea da behar duguna. Egun ahalmen horiek guztiak ukatzen dizkigun marko politikotik Euskal Herria subjektu politiko gisa egituratu eta burujabetza osorako aukera zabalduko duen marko politiko berri baterako igarobidean sartzera eramango gaituena. Aldarrikapenetik gauzapenerako urratsa emanez eta, bide batez, Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoaren konponbide demokratikorako aktibo garrantzitsua bilakatuz.

Aldaketa garaia, burujabetza garaia. Horixe da 2009ko Aberri Egun bateraturako aukeraturiko leloa. Nazio bat garela eta gure buruaren jabe izan nahi dugula ozen eta bateraturik agertzeko aukera ezin hobea dugu Irun eta Hendaia artean. Aberri Eguneko agirian Amets Arzallusek dioen bezala: «Esku bakoitzak bere geroa iragartzen badu ere, arrasto horiek denak josi nahi ditugu, eta bat egin, ibiltzeko, eskuak luzatuta elkarri».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo