GARA > Idatzia > > Ekonomia

Mugerreko Sagem enpresa ixteko arrisku bizian dagoela salatu du CGTk

Irailean Sagemeko deskodetzaileak egiten dituen produkzio-unitatea desagertuko da. CGTren ustez, Mugerreko lantegia ixteko lehen urratsa izan liteke. Zuzendaritza produkzio zati handiena Tunisiara eramaten ari dela salatu eta agintari publikoen esku hartzea eskatu zuten.
p025_f02_148x108.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Orain urte eta erdi Sagem enpresako langileek adierazitako kezkak egi bilakatzeko gero eta arrisku handiagoa dago, atzo, Baionan Mugerreko enpresako sindikatu nagusiak, CGTk, jakinarazi zuenez.

Izan ere, bertako ekoizpen-unitate garrantzitsuena irailean bertan behera geratzeko arriskuan dago. Lan-zamarik ez dutela dio zuzendaritzak, baina langileek uste osoa dute, egiaz, enpresa-taldeak Tunisian duen lantegira lekualdatuko duela produkzioa. Patrick Sebian zuzendariak emandako erantzuna da horren erakusgarri langileen ordezkariaren hitzetan: «Irailetik goiti zer gertatuko zen galdetuta, `langabezia teknikoa' existitzen dela ihardetsi zigun».

Unitate hori ixten bada, lantegi osoak bide bera jarraitzeko aukera handiak daudela gaineratu zuten: «Egun 310 bat lagun ari gara lanean Mugerren; deuseztatuko den unitatean 130 ari dira lanean egun. Beraz, litekeena da oso, gerora industriagune horrek duen erabilerarako gastu gehiegi eragiten dituela esatea. Lantegi osoaren itxieraren atarikoa litzateke».

Eskulan «kualifikatua»

Enpresa «osasuntsua» dela, langileria «oso kualifikatua» duela eta eskariak ere badituela baieztatu zuten, zuzendaritzak harturiko bidea salatzearekin batera: «Hilero 30.000tik gora deskodetzaile egiten ditugu; Modemak, iBox, ADSL eta antzekoak ere egiten badakigu eta beste hainbat gailu fabrikatzeko gai gara. Ez dugu eskatzen produkzio guztia gure gain uztea; aski litzateke taldearen fakturazioaren %0,2, egun bezala, mantentzea hemen lanpostuak salbatzeko. Alta, zuzendaritzak ez du ezer jakin nahi. Beste merkatuak bilatzen ari dela dio aspalditik, baina ez da ezer zehatzik».

Sagem-Communication taldeak EDF-rekin lankidetza duela jakinarazi zuten: «Laster Estatuko argi-kontagailuak berritzekotan dira eta 35 milioi beharko dira. Fabrikazio hori, esaterako, egin dezakegu Mugerren».

Euskal Herriko ekonomiarentzat industria izateak duen garrantzia nabarmenduta, arduradun publikoei dei egin zieten: «Ez dugu protekzionismoa eskatzen, hemengo industria bakanari eta lanpostuei eustea baizik, guk gure herrian lan eta bizi nahi baitugu».

Sagem-Communication taldeak 6.500 langile ditu munduan, horietatik 1.200 inguru Estatu frantsesean dituen hiru lantegietan banatuta.

CELANESE

Biarnoko Pardies herrian dagoen enpresa kimikoa itxi egingo da. Bertako 350 lanpostuez gain, zeharkako beste 1.000 galduko dira antza denez. Baionako portuko trafikoa %10 jaits liteke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo