GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Biktimen minak

Lakuako Gobernuak euskal preso politikoen zenbait senideri ematen dizkien diru laguntzek biktimak mintzen omen dituzte. Hala diote PSEko eta PPko arduradunek. Eta hedabide neofrankistek esango balute biktimek esan dutela halako Legebiltzarraren osaera ez dutela gustuko, aldatu egingo lukete...? Berandu heldu da galdera, Hego Euskal Herrian aldaketa hori ohitura da-eta.

Ezin dut aurrera jarraitu pare bat ñabardura egin gabe. Biktimak hizpide dituztenean, biktima ofizialez ari dira. Barkatu digresioa, baina horrek azkenaldion ezker abertzaleari ematen dioten deitura gogorarazten dit. «Oficial» izenondoa Estatutik edo erakunde publiko batetik datorrenari atxikitzen zaio, horiek ematen dute izaera hori; beraz, argi dago ezker abertzalea ez dela ofiziala. Tradizionala ere esaten zaio. Tira. Eta biktimak tradizionalak al dira? Biktima ofizialak ez. Euskal Herrian tradizioz normalean alde batean baino ez da biktimarik izan. Eta biktima tradizionalak ez dira ofizialak.

Euskal presoen senideei ematen dizkieten diru laguntza urriek biktima ofizialak mintzen omen dituzte. Eta frankismoaren biktimak? Eta GAL eta oro har estatu terrorismoaren biktimak? Areago, horiek ez al ditu mintzen diren eta ez diren gobernu eta administrazio mota guztietatik biktima ofizialek jasotzen dituzten laguntza ugariek?

Biktima politikoez jardun dugu orain artean. Baina zer diote beste biktima tradizionalek biktima ofizialek jasotzen dituzten laguntzez? Asko dira, milaka, biktima horiek. Esate baterako, emakumeen aurkako indarkeriarenak: emakume jipoituak, bortxatuak, umiliatuak, hildakoen senideak... Edo lan «istripuen» biktimak, lan indarkeriaren biktimak, alegia, horiek ere ez baitira ofizialak.

Euskal preso politikoen senideei, inolako deliturik egin gabe, zigor gogorra ezarri diete. Ikaragarria da ekonomikoa; giza ondorioak, berriz, askoz larriagoak. Eta erantzule nagusiak PSE eta PP dira, laguntza ziztrin horiek kendu nahi dizkietenak, hain zuzen. Koherentziarik eza behinik behin ezin zaie leporatu.

Nolanahi ere, ez sakabanaketak ez eragozpen guztiek ezingo dute euskal presoenganako gure maitasuna desagerrarazi, inor mintzen bada ere. Zorionak, Maite, zorionak eta muxuak lankideon partez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo