Udaletan politika feminista sustatzeko gida aurkeztu du ezker abertzaleak
Harreman parekideetan oinarritutako Euskal Herria sustatzeko bidean, emakumeen eskubideak aintzat hartzen dituzten eta zeharkakotasun printzipioa oinarri duten politika integralak proposatu dituzte.
Maider EIZMENDI |
Sexuen arteko harreman berrietan oinarrituta dagoen gizarte parekidea eraikitzeko helburuarekin ezker abertzaleak politika feminista sustatzeko gida eratu du. Bitarteko berri hau aurkezteko agerraldia egin zuten atzo hainbat hautetsik Lezon.
Edurne Bastarrika Pasaiako zinegotziak aditzera eman zuenez, kalean ez ezik, eremu instituzionalean lan egitea beharrezkoa da, eta zeregin hori udalena soilik ez bada ere, «udalek ere herritarrengandik eta emakumeengandik hurbilen dauden instituzioak diren aldetik, funtzio garrantzitsua bete dezakete gai honen inguruan». Bide horretan tresna izan nahi du osatu duten gidak, Oiartzun, Lezo, Hondarribia, Errenteria, Pasaia eta Irungo hautetsiek ohartarazi zutenez.
Txostenean gogora ekarri dute emakumeek jasaten duten zapalkuntza egiturazkoa dela, «antolaketa ekonomikoan, politikoan eta ideologikoan» uztartua eta «sistema kapitalistaren ezinbesteko zutabea».
Estrukturala den arazo bati erantzun nahi dionez, oinarrizko jo dute udaletan garatu nahi dituzten politikak integralak izatea «emakumeen bizitzaren arlo guztietan eragin behar dutelako». Baina horretaz gain, politika feministak emakumeen eskubideak oinarri hartu behar dituela iritzi zioten: «Sexuen arteko botere harremanak gainditzeko bidean, emakumeoi dagozkigun eskubideak aitortuak eta bermatuak izan behar dira». Ildo horretan, Euskal Herriko Emakumeen Karta ezinbesteko erreferentzia dute, «bertan jasotzen baitira Euskal Herriko emakumeon egoeraren zertzeladak, eraiki nahi dugun jendarte berriaren baloreak, emakumeoi dagokigun hiritartasunaren aitortza eta jendartea eraldatzeko ezinbesteko eskubideak».
Parte hartzea bultzatu
Politika feminista zehazteko, halaber, ezinbesteko jo dituzte mugimendu feminista eta emakume taldeen partea hartzea. «Politika integrala eta eraginkorra sustatu behar dugu eta horretarako emakumeon ikuspegia, iritzia, ekarpenak eta parte hartzea ezinbestekoa zaigu», berretsi zuten.
Zeharkakotasun printzipioa oinarri hartzea ere proposatu dute, emakumeek «pairatzen duten zapalkuntza eta eskubideen urraketa arlo guztietan» ematen baita. Hala, «genero ikuspegia politika guztietan txertatu» behar dela iritzi zioten: «Prozesu politikoen diseinua, antolaketa, hobekuntza, garapena eta azterketa, maila guztietan eta etapa guztietan genero ikuspegia aintzat hartu eta bermatu behar da».
Ezaugarri horiek guztiak aintzat izango dituen politika feministak udaletxeetatik bultzatzeko asmo sendoa erakutsi zuten: «gure helburu estrategikoa sexuen arteko harreman parekideetan oinarritutako Euskal Herria sortzea da».
Baina gidan, teoriaz haratago, zehaztasunak ere landu dituzte, eta politika feminista bultzatzeko beharrezkoak diren organoak, berdintasun planen atalak eta baliabideak zerrendatu dituzte.
Arreta berezia eskaini diote gainera emakumeen aurkako indarkeriari. Hori aurre egiteko oinarrizko jo dute instituzioen arteko akordioak bultzatzea edota «eraso sexisten» aurrean erantzun-protokolo bat zehaztea. Gidan, besteren artean, indarkeria sexistari erantzuteko langile formatuak eta propioak izatea aurreikusten da.
Emakumeak babestea bai, baina hau bere askatasuna baldintzatu gabe egitea proposatu du ezker abertzaleak, «emakumeak aske eta askatasunean bizitzeko eskubidea aldarrikatu eta bermatzea ezinbestekoa baita».
Prebentzio arloan jarri dute gainera arreta eta, batez ere, osasungintzan eta hezkuntzan egin beharreko lana nabarmendu dute. Halaber, etorkinen aldagaia aintzat hartu eta paperik gabeko emakumeei begirako babes neurriak bermatzea ere aurreikusten da gidan.
Politika feministak izan behar dituen ezaugarriez haratago, gidan oinarrizko diren organuak, berdintasun planak nahiz beharrezkoak diren baliabideak zehazten dira.