GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Kutxek izaera soziala berreskuratu behar dute

Aurreko ziklo ekonomikoan, oparotasuna nagusi zenean eta, gainera, balizko oparotasun horren jatorria finantza-sistema omen zenean, gutxi batzuek salatu zuten aurrezki-kutxen izaera sozialaren galera. Une hartan bankariek «mirakulu» ekonomikoaren arduradunak ziruditen, hazkunde etengabearen sortzaile eta kudeatzaileak, dirua jendartean erraz banatzen zutenak, interesekin bazen ere. Euskal kutxen kasuan, sindikatuak eta hainbat gizarte ekimen izan ziren etekinei eta mugarik gabeko hazkundeari mugak jartzen zizkioten bakarrak. Gure gizartean egia esatea ez da samurra balantzaren beste aldean dirua jartzen denean.

Badirudi une honetan, krisia gori-gorian dagoenean eta finantza-sistemaren oinarriak kinkan daudenean, aurrezki-kutxen barruan ere eztabaida piztu dela. Atzo Vital eta Kutxako asanblada orokorrak izan ziren, eta LAB eta Banatuz ekimenak izaera soziala berreskuratzearen beharra berretsi zuten, beste behin. Aberastasuna banatzeko eta pobreziari aurre egiteko neurriak proposatu zituzten, besteak beste. Vitalen erantzuna negatiboa izan zen, Kutxarena, ordea, positiboagoa. Biek aurkeztu dituzte etekinak eta aurkeztutako ekimenak «ekonomikoki bideraezinak» direla esatea gutxienez ulertezina eta gehienez gezurra da. Eta orain egiari ezin zaio nahi beste diru kontrajarri.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo