GARA > Idatzia > Kirolak > Errugbia

Errugbia TOP 14

Seigarren postua lortzeko borrokan, euskal taldeek ezin dute hutsik egin

J.L. | DONOSTIA

Heineken Kopan sartzeko txartelaren lehian, norgehiagoka garrantzitsuak izango dituzte gaur Avironek eta Biarritzek. Biek dute irabazteko premia, eta hori lortzen badute, urrats garrantzitsua emango dute, batez ere baionarrek.

Zuri-urdinek Briveren zelaian jokatuko dute 16.30etik aitzinera. Sailkapenean postu bat aurretik dira frantziarrak, eta gaur euskaldunek garaipena erdiesteko modua izango balute, bosgarren jarriko lirateke, eta Heineken Koparako txartela ia euren eskuetan izango lukete. Horretaz gain, laugarren postua, finalerdiak jokatzeko aukera ematen duen postua, lortzeko ametsak ere bere horretan jarraituko luke.

Biarritz ere seigarren postu horren bila dabil, baina egin zuen lehen itzuli negargarriak egoera txarrean utzi du. Azkenaldian dena irabazten ari da, baina aurrekoek hutsik egiten ez badute, beraiek ere ezingo dute aurrera egin.

Gaur, 14.30etik aurrera, Stade Montois hartuko dute. Jaitsierako postuan dira Landetakoak, eta aurkari aproposa izan daiteke, bost puntu batzeko, hemendik aurrera binaka batu beharra baitute lapurtarrek.

Ohorezko Maila

Egoera zaila dute Getxok eta Bera Berak, eta hemendik aurrera mailari eutsi ahal izateko irabazi beharra dute. Donostiarrek Les Abelles hartuko dute bihar 12.00etan, eta ordu erdi geroago bizkaitarrak Santboianan arituko dira. Ampo Ordiziak, 12.00etan jokatuko du La Vilaren zelaian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo