GARA > Idatzia > > Kultura

Gaur hasiko da Donibane Garazin Hernandorena sariko lehen kanporaketa

Joxemiel ETCHEMENDY | DONIBANE GARAZI

Teodoro Hernandorena Zizurkilen sortu zen 1898an, baina Espainiako Gerra Zibilaren karietara, 1937an Ipar Euskal Herrira egin zuen ihes. XX.mendeko Ipar Euskal Herriko bertsolaritzaren sustatzaile behinena dela erran daiteke. 1945-1946 urteetan Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako herri guztietan barrena ibili zen bertsolari bila. II. Mundu Gerra heldu zenean, bertsolariak topatu, plazara eraman, eta sariketa eta saio andana antolatu zituen.

Aipagarriak dira, besteak beste, Donibane Lohizune eskualdean, Ezpeletan eta Baigorrin antolatu zituen bertso sariketak. Bera izan zen Fernando Aire Xalbador eta Mattin Trekuren eragile eta sustatzaile ere. Euskaldunak munduaren aitzinean ezagutzera ematea zen bere nahikundea. Nahi horretan kokatu behar dira «Euzkadi» film-dokumentala (1933) eta 1958an eta 1961ean Parisen antolatu zituen bi bertso saioak.

Bere omenezko bertso sariketa

Urteak dira bere omenezko bertso sariketa garrantzitsua abian jarri zenetik, eta Hego eta Ipar Euskal Herriko bertsolari gazteak biltzen ditu. Gaur arratsaldean, 19.30etik aitzin, Donibane Garaziko Kalaka ostatuan, Ekhi Erremundegi, Bixente Luku, Unai Gaztelumendi, Izar Mendiguren, Aimar Karrika eta Ximun Cazaubon arituko dira Maritxu Lopeperen aginduetara.


 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo