Josebe EGIA
Errealitatea, neurrien oinarrian
Emakumeok ere bai. Geu ere krisiak estututa eta haren nondik norakoa zorrozki behatuz bizi gara. Eta horrelaxe diot badirudielako, hedabide eta ekonomialariei erreparatuz gero, krisi hau gizonak bakarrik, edo bereziki, behinik behin, astintzen ari dela. Denen ahotan eraikuntza eta automobilaren sektoreak... historikoki gizonezkoen lan feudoak, eta feudook ekonomia hankaz gora jartzen. Eta bai, langabeziak errukirik gabe jo ditu langile horiek, baina horietaz bakarrik aritzeak errealitatea deformatzea dakar, eta deformazioak errealitatea konpontzeko hartzen ari diren neurriak funtsezkoak beharko luketen hainbat abiapuntutik urrunaraztea.
Eta hori da larriena ahul zeudenak lur jota uzten ari den egoera honetan. Izan ere, krisiaren aurretik ere emakumeak dira lan-munduan (eta honen garrantziak baldintzatzen dituen beste munduetan: burujabetasuna, duintasuna...) kaltetuen daudenak; soldata txikiagoak, familia eta karrera profesionala bateratzeko zailtasunak... zerrenda jakina da. Beraz, krisiak hau guztia areagotu besterik ez duela egingo espero daiteke.
Lehenik, beste sektore batzuetan eragiten hasten denean, zerbitzuenean, esaterako, emakumea izango delako krisiaren jomuga, eta arrazoia sinplea da: langileen gehiengoa gara hor. Horrek ondorioak ekarriko ditu familien mantenuan, hasteko, eta bestelako hainbat esparrutan (etsipena, frustrazioa, amorrua eta indarkeria ekuazioan, esaterako). Bigarrenik, egoerari aurre egiteko neurrietan ez zaiolako emakumeon enpleguaren sustapenari bereziki aipamenik egiten, ezta langabetu ahulenen kolektiboaren babesari ere, nagusiki emakumeek osatua. Badirudi egun esku artean darabiltzaten neurriekin bilatzen dena aurreko egoera berera bueltatzea dela, egoera berrezartzea-edo, eta oraindik erori ez dena eror ez dadin saiatzea. Eta helburu hori soilik lortzearekin konformatu beharrean, benetako aldaketa soziala gauzatzeko asmo bizia eduki beharko genuke. Bereziki ekonomiaren sustapenean dihardutenek.
Izan ere, beste garai batzuetan ez bezala, emakumeak, gizonak bezala, ekonomiaren funtsezko oinarri gara. Eta ez hori bakarrik, familia ugariren sostengu ere bai. Beraz, egungo egoeraren arduradunek ezin dute gure diskriminazioa mantentzen jarraitu, egungo jendartean ez baitu ez oinarri ekonomikorik ez zentzurik, ezta inolako justifikaziorik ere. Eta ez daukatelako halakorik egiterik, beharrak aginduta. Nazioarteko agintaritzak ere abagune honetan genero-berdintasuna bidezko erronka eta ekonomikoki errentagarria dela errepikatzen ari dira. Beraz, aurreko eskema eta egoera berera itzultzea bilatu beharrean, bila dezatela esandakoarekin bat etorrita jokatzea. Nabari dadila euren plangintza, neurri-sorta eta baliabideen banaketa eta esleipenean.
Eta horrela, besteak beste, emakumeok azken urteotan eskuratutako eskubideak eta berdintasunerako bidean mugarriak ez dira serios kolokan jarriko, krisia ez baitaiteke atzerapausorik emateko inolako aitzakiarik izan, ezta diskurtsoetan botatakoa ez gauzatzekoa ere.