GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Ruben S. Bakaikoa Askapeneko kidea

Brigadak 09: 4, 3, 2 eta 1

Helburu bat: Euskal Herria internazionalistaren eguneroko eraikuntza. Horixe da brigaden esperientzia gauzatzeko eta mamitzeko modurik eraginkorrena

Brigadak 09 lau zenbakirekin laburbiltzea argigarria izan daiteke, atzekoz aurrera egitea iradokitzen dizuegu:

Lau ardatz. Brigadek gure eguneroko jardun internazionalistan erabiltzen ditugun lau ardatzei erantzuten diete:

1. Europa: gure herria geografikoki dagoen kontinentea baita. Politikoki ere Europako markoan dago eta harremanei begira ere Europakoak dira ditugun anitz. Europan gure lehentasuna gurea bezalako estaturik gabeko nazioak dira, aurten haietariko batean jarriko dugu arreta berezia: Sardinian. Izan ere, munduko herrialderik aberatsen eta inperialistenek Sardiniako irla txiki bat aukeratu dute beren bilkura egiteko. Sardiniatik bilkura horri batera erantzuteko deia egin dute eta Askapenetik deiaren oihartzuna zabaltzen dizuegu.

2. Palestina: Palestinak herrion erresistentzia, duintasuna eta bizi-nahia mailarik gorenean jartzen duelako. Palestinak behar gaituelako eta Palestina behar dugulako. Atzo apartheidaren Hegoafrika bezala, gaur apartheidaren Palestina askatuko dute/dugulako.

3. Prozesu bolibartarra: Simon Bolibarren espirituari jarraiki eta inperialismoari aurre eginez, Abya-Yalako herriek badute ildo itxaropentsu bat: pertsona berdinen arteko jendarte bat eraikitzea, herriek elkarri senide bezala lagunduko dioten kontinente batean.

4. Jatorrizko herriak: 1992an, Abya-Yalaren zakuraketa eta sarraskiaren 500. urteurrenarekin, «aski da!» oihukatu zutenetik munduko jatorrizko herri askotan askapen borrokek pizturik diraute eta Belemgo Munduko Jendarte Foroan erakutsi duten bezala, bestelako mundu baten aldeko borrokan eta eraikuntzan ezinbesteko eragileak dira.

Hiru urteurren:

1. Aurrenak El Salvadorrera garamatza: FMLN gerrillarekin borrokan ari zelarik, Pakito Arriaran arrasatearra hil zuteneko 25. urteurrena da aurten (El Salvadorren bertan urte batzuk beranduago hil zituzten Begoña Gonzalez eta Marta Garcia ahaztu gabe). Urteurrena FMLNk hauteskundeak irabazi izanarekin batera etorri da gainera.

2. Bigarrenak Uruguain du kokagune, eta beste bi hildako protagonista, Fernando Morroni eta Roberto Facal. Orain 15 urteko abuztuan Uruguaiko herria gogor mobilizatu zen hiru euskaldunen estradizioaren kontra eta mobilizazio haietan aipatu bi lagunek galdu zuten bizia: Euskal Herriaren aldeko elkartasunaren bi ikur garrantzitsuak.

3. Hirugarrenak Kubara garamatza, hango iraultzak 50 urte bete zituen urtarrilaren 1ean, sozialismoa eta askatasunaren aldeko herri borrokalarien herri kutuna da Kuba, elkartasun internazionalistaren atzoko eta gaurko eredua.

Bi norabide. Joan eta etorriko elkartasuna: brigadistek tokian tokiko mugimendu eta borrokak lehen eskutik ezagutzen dituzte, beraiekin batera Euskal Herria aberastuko duten hamaika esperientzia bizi eta ikasten ditugu.

Bestalde, gure herri-lagunek geurea ere lehen eskutik ezagutzeko parada dute brigadistei esker: hizkuntza, kultura, askapen borroka, gazteok, emakumeok, langileok, baserritarrok, errepresaliatuok osatzen dugun herria.

Helburu bat: Euskal Herria internazionalistaren eguneroko eraikuntza. Horixe da brigaden esperientzia gauzatzeko eta mamitzeko modurik eraginkorrena: euskal mugimendu internazionalista sendotuz eta internazionalismoa gure askapen borrokaren esparru guztietara zabalduz.

Orain da tenorea!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo